Politika

Ekainaren 16an hasiko dituzte ANVren eta EHAKren legez kanporatzeei buruzko auzi saioak

2008ko maiatzaren 29a
17:06
Entzun
Espainiako Auzitegi Goreneko 61. Salak gaur erabaki duenez, ekainaren 16an hasiko ditu EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoen ilegalizazio prozesuko auzi saioak. Goizez eta arratsaldez ariko dira; goizetan ANVri buruzko saioak egingo dituzte eta arratsaldez EHAKri buruzkoak. Hain zuzen, arratsaldez egingo dute ekainaren 16ko lehen saioa.

112 lekuko deituko dituzte; ANVk hamabost, EHAK-k 47, eta Espainiako Fiskaltzak eta Estatuaren Abokatuak beste 50. Ekainaren 24ra bitartean deklaratuko dute.

Gorenak hamabost eguneko epea zabaldu zuen apirilaren 14an, Fiskaltzak, Estatuaren Abokatuak eta bi alderdiek ilegalizazio prozedurarekin loturiko frogak eskatu zitzaten. Fiskaltzak aurkezturiko frogen artean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren auto bat dago; hain zuzen, urte hasieran Iruñean egindako ekitaldi batean euskal presoentzat txaloak eskatzeagatik Marian Beitialarrangoitia Hernaniko (Gipuzkoa) alkatearen aurka abiatutako auzia berriz irekitzeko eskatzen duen autoa. Horrez gain, zazpi guardia zibilari eta bederatzi poliziari deklarazioa hartzeko eskatu du Fiskaltzak, tartean Usurbilen EHAKren egoitza miatu zutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.