Mahai gainean dago erronka: ekainaren 19an egingo dute herri galdeketa Gipuzkoako Goierriko 22 herrietan. Atzo aurkeztu zuten prozesua, Lazkaoko Areria zineman, aretoa herritarrez beteta zegoela. Haien bultzada beharko dute Gure Esku Dago-koek, Larraitz Zubeldia dinamikako kideak gogora ekarri zuenez, hori baita prozesuaren arrakastaren bermeetako bat: parte hartzailea izatea. «Irudikatuz» hasten dira bide guztiak, Angel Oiarbide bozeramaileak nabarmendu zuenez: «Irudika dezagun egun pozgarri bat, egun alai bat. Irudika dezagun handi egingo gaituen prozesu bat, ahaldunduko gaituen prozesu bat». Hala hasi ziren Nazioen Munduarekin, eta irudikatzen ez ezik, ariketa praktikorako zehaztasunak lantzen ere hasiak dira Goierrin.
Aurten denen artean jositako oihalek eman zioten kolorea atzo Areria zinemari. Oholtzan, hautetsontzi bat. Eta aulkietan, adin ugaritako herritarrak. Badute zer egina. Otsailera bitarte, sinadura bilketa bati ekingo diote aurrena, erabakitzeko herritarren borondatea «biltzeko». Atzo eskualde mailan egin bezala, herriz herri ere egingo dituzte aurkezpenak. Giroa berotzera begira, hainbat ekintza antolatuko dituzte eskualde osoan, eta proposatutako lantaldeak jendez osatzen hasi nahi dute horretarako.
Denentzako lekua egongo da lantaldeetan. Hala antolatu dituzte: komunikazioa, diruzaintza, galdera adosteko taldea, ekintzak antolatzekoa, harremanak garatzekoa, herriak koordinatzekoa, datu baseak bermatzekoa eta galdeketarako eguna bera antolatzekoa. Laguntza juridikoa ere izango dute —Gure Esku Dago-k landutako protokoloa—, baita Aitziber Blancoren aholkularitza ere. Otsailetik aurrera hasiko dute «adosteko» fasea: herriz herri bilduko dituzte galderarako proposamenak, eta batzorde batean erabakiko dute zein izango den bozetara jartzeko esaldia.
Apirilaren erdialdera aurkeztuko dute adostutako galdera, urteurren bat baliatuta. Hil horren 16an eta 18an beteko dira 85 urte, hurrenez hurren, Aramako eta Itsasondoko udalek autodeterminazioaren aldeko mozio bana onartu zutenetik. 1931n izan zen hori, eta 2016an mugarri berri bat utzi nahi dute goierritarrek. Gure Esku Dago-k Adierazpen Egunera deitu du Euskal Herri osoan ekainaren 12rako, eta haren ondorengo igandean izango da galdeketa. «Euskal Herria begira» izango dutela nabarmendu zuen Oiarbidek: «Ondorengoei zer utzi ere jokoan dago».
«Gardena eta zabala»
Herritarrak protagonista bihurtzea du helburu galdeketa prozesuak, elkargune izatea, ahalduntzeko tresna. Baita Euskal Herrirako eredu bat ezartzea ere. Arrankuadiagan (Bizkaia) eta Etxarri Aranatzen (Nafarroa) egin dira orain artekoak, baina eskualde mailan egitea bada jauzi bat. 70.000 herritarrek izango dute parte hartzeko aukera, eta prozesuaren emaitza zilegi izateko baldintzak ere nabarmendu zituzten atzoko ekitaldian: gizarte ekimenez egitea eta «gardena eta zabala» izatea. Galdeketen garrantzia nabarmendu zuen Zelai Nikolasek. Berme osoz egin behar dela, besteak beste, «parte hartzaileen lasaitasunerako».
Gazta zati bat munduan barrena eramanez hasi zuten bidea Goierrin, eta Dimarekin eta Ispasterrekin (Bizkaia) batera, bide berri bat irekiko diote erabakitzeko eskubideari 2016an.
erabakitzeko eskubidea
Ekainaren 19an galdeketa Goierrin, prozesu parte hartzaile baten ostean
Sinadurak biltzen eta lantaldeak osatzen hasiko dira, erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko. Bideoa: galdeketaren aurkezpena, Lazkaon (Lara Madinabeitia, BerriaTB). [YouTube]https://youtu.be/TwZbIAG8r7w[/YouTube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu