ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Ekainaren 19ko galdeketan parte hartzera deitu dute Goierriko 300 hautetsik baino gehiagok

1931ko apirilaren 16an, Aramako alkate eta zinegotzi guztiek Euskal Errepublika aldarrikatu zuten. 85 urte geroago, herri berean elkartu dira hautetsiak eta hautetsi ohiak, orduko aldarria gogoratu eta "demokrazian sakontzeko" deia zabaltzeko. Azpeitian ekainaren 12ko galdeketa prestatzeko bilera irekia egin dute (bideoa: Andoni Canellada / Argazki Press). [Youtube]https://youtu.be/P5ef4J_Qeuk[/Youtube]

jon olano
2016ko apirilaren 16a
12:55
Entzun

1931ko apirilaren 12an Espainiako estatuan udal hauteskundeak izan ziren, eta errepublikaren aldeko indarrek irabazi zuten. Apirilaren 14an Errepublikaren aldarrikapena egin zen Eibarren, eta egun berean, Kataluniar Errepublikaren aldarrikapena egin zuten. Testuinguru horretan, euskal errepublika aldarri izan zuten hainbat udalerrik.

2011. urtean, Mikel Aramendi historialariak 1931ko apirilaren 18an autodeterminazioa aldarrikatzen zuen Itsasondoko akta azaleratu zuen. Itsasondokoa ez zen bakarra izan; 1931ko apirileko egun horietan, Bizkaiko bost alkatek —Mundaka, Bermeo, Elorrio, Gernika eta Getxokoek— bultzatutako manifestu bati jarraipena eman zioten Goierriko udalerri gehienetan. Apirilaren 16an sinatu zuten akta Aramako hautetsi guztiek, "Euskal Herriaren lehen autodeterminazio ekintza gisa, gainerako errepublika iberikoekin konfederatutako Euskal Errepublika" aldarrikatuz.

Urteurrena baliatuta, 300 hautetsi baino gehiago batu dira Aramako pilotalekuan, ekainaren 19an egitekoak diren galdeketan parte hartzera deitzeko. Izenpetu duten agirian adierazi dutenez, "positibotzat" jotzen dituzte Goierriko herritarrek "elkarrekin, adostasun kultura hauspotuz, elkarrizketa ireki eta parte hartzaileak sustatuz, estatus politikoaren inguruan ikuspuntu ezberdinen argudioak zabalduz, azken finean herritarrak ahaldunduz eta demokrazian sakonduz ematen ari diren pausoak".

Hori horrela, Elkarrekin prozesuarekin bat egin eta herritarrei ekainean burutuko diren herri kontsultetan parte hartzeko deia egin diete: "Ehunduz, Adostuz eta Erabakiz, demokrazian sakonduz. 85 urteren ondoren, estatus politikoaren ardatzaren eztabaida bizirik dago".

Ekainaren 19an dira egitekoak galdeketa eskualdean. Galdera: "Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?". Eta erantzuteko koadroetan: bai, ez eta zuri. 16 urtetik gorakoek eman ahal izango dute botoa.

Azpeitian ekainaren 12an egingo dute galdeketa, eta hil honen 30ean Erabaki Fest! musika festa egingo dute. "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?" izango da Azpeitiko galdera. Kontsulta prestatzeko bilera irekia egin dute Azpeitian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.