Iñigo Urkullu lehendakariaren "iniziatiba falta" kritikatu du Jose Antonio Pastorrek: "Egoten ahalegintzen da, eta ez egiten; komikietako lehendakaria da, testu gutxi eta argazki asko". Urteko balorazioa egin du alderdi sozialistak.
Oposizioan egotea eta Jaurlaritzaren aurrekontuak babestea posible dela adierazi du PSEren bozeramaileak. Haren arabera, sozialistak "herritarrekin daude konprometituta", eta haien arazoak konpontzen "ahalegintzen" dira, aurrekontuen onarpena ahalbidetuta. Era berean, Urkulluren gobernuaren jarrera kritikatu du: "Euskadik funtzionatzen badu, sozialistak buru garen oposizio baten bultzadagatik da".
Amaiur, PPren gobernuaren jardunaz
Amaiurrek Espainiako Gobernuaren "ukazioa, inposaketa eta oinarrizko eskubideen urraketa" salatu ditu. Maite Aristegi eta Xabier Mikel Errekondo diputatuen ustetan, PPren gobernua politika "neoliberal eta antisozialak" egiten ari da; hori izan da alderdiaren "ezaugarria" urte osoan. Donostian egin dute agerraldia.
Azaldu dutenez, gobernuak ez du herritarrentzako agintzen, "korporazio ekonomiko eta espekulatibo handientzako" baizik. Euskal Herriari dagokionez, uste dute ez Espainiak ezta Rajoyk ere ez dutela "eskaintza demokratikorik". Errekondoren iritziz, beraz, Euskal Herriari "soilik irtenbide bat" geratzen zaio: bere bidea Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzako egitea. "Gure herriak irtenbideak eskatzen ditu, eskubideak eta bere borondatearekiko errespetua; hori ez da Madrildik iritsiko".