«Ekimena izateko» eskatu dio Urkulluk Lopezi

Antonio Basagoiti ziur da EAJk eta EH Bilduk bat egingo dutela bozen ostean independentzia lortzeko

Erredakzioa
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Espainiak eta Euskal Herriak duten egoera ekonomiko «latzarekin» kezkatuta dago Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidentea. Kezkatuta dago Espainian PPren gobernua «nora ezean» dabilelako eta erreskatearen aurrean irtenbiderik proposatzen ez duelako. Eta kezkatuta dago, halaber, EAEn Eusko Jaurlaritzak «ekimenik» ez duelako. Patxi Lopez lehendakaria «errealitatetik at» ikusten du Urkulluk, «erantzunik eta eginkizunik» gabe: «Lopez lehendakariak erantzukizuna dauka, baina ez du erantzuten». Hala, «erabakiak hartzeko eta ekimena izateko» garaia dela esan dio EAJko presidenteak lehendakariari.

Mundakan (Bizkaia) izan da Urkullu, Busturialdeko EAJren egunaren ospakizunetan, eta Mariano Raxoiren eta Patxi Lopezen kudeaketei kritika gogorrak egin dizkie bere hitzaldian. Batetik, Espainian izandako erreskateaPPren gobernuaren «inprobisazioaren» ondorio izan dela salatu du, eta esan du oso larria dela Raxoi egun batetik bestera irizpideak aldatzen ibiltzea. Bestetik, Lopezi lehendakari gisa jardutekoeta arazoak konpontzen hasteko eskatu dio. «Hauteskunde kanpainak» egiteari utzi eta, besteak beste, egoera ekonomikoari aurre egiteko «arrisku plan» bat aurkezteko exijitu dio.

Bidenabar, Bilduren kudeaketaren aurka ere jo du EAJko presidenteak. Bildu «mundua deskubritzen» ari dela eta «iraultza estiloaren» bitartez bere politika «inposatu» nahi duela salatu du. «Atez atekoa inposatu nahi dute, errepide guztietan bidesaria inposatu nahi dute, zerga igoera orokorra ere bai... Demokraziaren sistema ez zaie gustatzen eta erabakiak inposatzen dituzte».

Urkulluren aburuz, «Euskadik behar duen astindua» EAJren eskutik baino ez da etorriko: «Herriak nahi duen eredua berreskuratuko dugu, Euskadiren interesak defendatzen dituena».

EAJ eta Bilduren 'corralitoa'

Bien bitartean, EAEko PPk EAJ eta EH Bildu jarri ditu bere kritiken jomugan. Antonio Basagoiti alderdiko presidenteak Donostian adierazi du hurrengo hauteskundeen ostean EAJren eta EH Bilduren eskutik «corralito politikoa» etorriko dela, eta horrek «Euskadiren galera» ekarriko duela. Bi alderdi horiek proiektu ezberdinak «irudikatzen» saiatzen direla dio, baina ziur da bozen ostean bat egingo dutela independentzia lortzeko. Ohartarazi du horrek «haustura» eta «bakartze sozial eta politikoa» ekarriko dituela.

Basagoitik uste du Eusko Legebiltzarrean EAJk eta EH Bilduk gehiengoa izateko arriskua dagoela, eta, horren aldean, PPren proiektu «bateratzailea, autonomista, foralista eta liberala» defendatu du. Horrez gain, Espainia «esku onean» dagoela, eta PPren gobernua «erantzukizunez» jokatzen ari dela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.