Epaiketak

Ekinekin lotuta atxilotu zituzten hamabost lagun auzipetu ditu Auzitegi Nazionalak

2010eko irailean eta 2011ko urtarrilean atxilotu zituzten: prozedurak "faltsuak" eta "zentzurik gabeak" direla salatu dute auzipetuek, "tortura saio luzeetan oinarrituak".

Berria.info
2014ko abuztuaren 22a
12:33
Entzun

Hamabost herritarrek ohar bidez salatu dute auzipetze autoak jaso dituztela Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epailearen eskutik. Auzia Fernando Grande Marlaska epaileak hasi zuen, 2010eko irailean: Egoitz Garmendia, Aniaiz Ariznabarreta, Erika Bilbao, Eneko Compains, Ugaitz Elizaran, Urko Asier Aierbe, Sandra Barrenetxea, Jose Aldasoro eta Rosa Iriarte atxilotuta. Hilabete gutxira, 2011ko urtarrilean, Gorka Zabala, Iker Moreno, Iñigo Gonzalez, Patxi Arratibel eta Gorka Mayo atzeman zituzten, beste bost lagunekin batera. Torturatu egin zituztela salatu zuten.

Espainiako Barne Ministerioak Ekinekin lotu zuen sarekada, eta Ekinekin eta Askatasunarekin bigarrena. Auzipetuek salatu dute "faltsuak" direla prozedurak, "tortura saio luzeetan oinarrituak", eta "gutxieneko berme juridiko zein demokratikorik gabeak". Auzitegi Nazionalari ez diotela zilegitasunik aitortzen gaineratu dute oharrean: "Gure herrian ireki den aroa zapuztea helburu dutenek jakin dezatela konponbide demokratikoaren ikurra atxatzen jarraituko dugula".

Irailaren 22tik aurrera epaituko dituzten 28 gazteei elkartasuna adierazi, eta "Euskal Herriaren eskubideen alde lanean jarraitzeko deia"  egin dute, "apaltasunez".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.