Erabaki "gogorra" onartzeko eskatu die Nazio Batuen Erakundeko kideei, Damaskoren arma kimikoen erabileraren gainean, baina eraso militarrik ez du nahi, aurretik hori defendatu bazuen ere. Al-Assadi presio egiteko neurriez negoziazioak egingo dituzte egunotan, Nazio Batuen Erakundeko saioetan.
Sirian berehalakoa zirudien erasoaren arriskua ezabatzea lortu zuen AEBen eta Errusiaren akordioak, baina Mendebaldeak eutsi egin dio Damaskoren aurkako presioari, Siriako Gobernuak arma kimikoak deuseztatzeko akordioaren baldintzak zehatz-mehatz bete ditzan. Etxe Zuriaren eta Kremlinaren akordioaren arabera, gehien jota ekainera arteko epea du Siriak arma kimikoak suntsitzeko, bederatzi hilabete, baina Al-Assadek esana du urtebete beharko dutela.
NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek ere irtenbide politikoa eskatu du Siriarentzat. "Sirian garaipen militarra ilusio bat da. Erantzun bakarra akordio politiko bat da".