Zure ziztada behar dugu

Ekitaldi ikusgarria egin dute Arrasaten, hainbat pertsona ezagunen eskutik

Jaialdiak denetarik izan du: indarra, umorea, momentu hunkigarriak... Guztira 250 bat lagun bildu dira Amaia antzokian.

jon eskudero
2013ko urtarrilaren 19a
22:48
Entzun

Jaialdi arrakastatsua egin dute Amaia antzokian, Arrasaten (Gipuzkoa), Zure ziztada behar dugu kanpainaren harira. Oholtzan, hainbat pertsona ezagun aritu dira lanean, eta besaulkietan 250 bat lagun bildu dira. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz Mihiluze saioko lankideak aritu dira aurkezle lanetan. Ilaski Serranok hasieratik garbi utzi du zergatik den hain garrantzitsua BERRIAren alde egitea: "Euskaraz gosaltzeko aukera daukagu, edo bazkaltzekoa. Hitz batean, euskaraz bizitzeko aukera dugu, eta guztia euskarazko egunkariari esker". Jende guztiak nabarmendu du hori.

Ekitaldia Egunkaria itxi zuteneko bideo batekin abiatu dute. Irudi gogorrekin. Gerora, baina, umorerako bidea hartu du ekitaldiak. Antzezlan bat egin dute, eta euskaraz bizitzearen garrantziaz aritu dira Oñatiko eta Arrasateko aktoreak. Gero, kantuan aritu dira, gitarraren musika eta ahotsa uztartuz. Kirola eta bertsoa ere lotu dituzte: Manex Agirre eta Maddi Labaien kantuan aritu diren bitartean, Oihana Kortazar eta Alberto Iñurrategi bizikletaren pedalei eraginez ibili dira. Txalo ugari jaso dituzte. Oñatiko abesbatza ere aritu da kantuan.

Amaiera aldera Joanmari Larrarte BERRIA Taldeko kontseilari ordezkariak hartu du hitza, eta oso pozik agertu da. "Ikusten da laguntza badaukala gure proiektuak, eta guk gure ilusio eta indar guztia jarriko dugu aurrera egiteko". Ilaski Serranok eta Kike Amonarrizek eskerrak eman dizkiete ekitaldira bildu diren guztiei.

Ekitaldi amaieran positiboak izan dira balorazio guztiak. Larrartek baikor hitz egin du; baita Debagoieneko Euskara Elkarteak ere. Eurak aritu dira guztia antolatzen, eta lanean aritzea merezi izan duela nabarmendu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.