Gasteizko Cegasa pila enpresako langile batzordeak gaur goizean jakinarazi du prest dagoela zuzendaritzarekin balizko borondatezko baja eta aurrejubilazioetaz hitz egiteko, baldin eta hark langilerik kanporatzen ez baditu eta Gasteizko plantan pilen ekoizpena mantentzen badu.
ELA eta CCOO sindikatuek osatzen dute langile batzordea, eta gaur Arabako hiriburuan emandako prentsaurrekoan Eusko Jaurlaritzako Lan Saila zoriondu dute, enpresaren zuzendaritzak aurkeztutako ERE lan erregulazio espedientea atzera bota zuelako, atzo. Gasteizko plantako 395 langileetatik 217 kanporatzea aurreikusten zuen zuzendaritzaren proposamenak, diruz lagundutako bajen eta aurrejubilazioen bitartez.
Langile batzordearen ustez, Joseba Azkarraga Lan sailburuak atzo iragarritako erabakia txalogarria da, eta langileen azterketaren ondorioak berresten ditu: "EREa justifikatzen enpresaren zuzendaritzak argudiatutako arrazoiak ez direla existitzen ondorioztatu genuen, eta [Lan Sailaren] erabakiak gure ondorioztatzea berretsi egin du". Enpresaren arabera, kontsumorako pilen ekoizpenean galera ekonomikoak izan dira azkenaldian, "22,5 milioi eurokoak 2008an".
Alabaina, sindikatuetako ordezkariek nabarmendu dute pilen ekoizpena bideragarria dela, eta gogorarazi dute 2007ko abenduaren 31 arte Cegasaren egoera ekonomiko eta finantzarioa "bikaina" zela; "hortaz, urte txar batek ez du lantegiaren itxiera ekarri behar, zuzendaritzak nahi duen bezala".
Aurreikuspen ilunei erantzuna
Langile batzordeko presidente Juan Carlos Ramosek hizpide izan ditu ere Cegasako zuzendaritzak atzo zabaldutako "mehatxuak"; izan ere, Eusko Jaurlaritzak EREa errefusatu ondoren zuzendaritzak ohartarazi zuen erabaki hori "hauteskunde irizpideetan oinarrituta" hartu zela eta "enpresa osorako oso ondorio larriak" eragingo zituela.
Horren aurrean, Ramosek ukatu egin du hauteskunde arrazoirik dagoenik EREa errefusatzeko, eta argi utzi nahi izan du langile batzordea ez dela beldur enpresa zuzendaritzak ordainketa etena egiteko kasuan, "zeren eta beren enpresak benetan arriskuan egongo balira, kausak daudela erakutsiko zigukeen, eta bestela jokatuko zukeen langileokiko".
Hemendik aurrera Cegasako langileak zuzendaritzarekin hitz egiteko prest agertu dira, baja posibleez eta borondatezko aurrejubilazioez, enpresa talde osorako. Gasteizko eta Oñatiko (Gipuzkoa) lantegietan orotara 1.500 lagunek egiten dute lan.
Negoziazioetara iritsi ahal izateko, zuzendaritzak "argi eta garbi" apustu egin behar du Gasteizen pilak modu errentagarrian ekoiztearen alde, langile batzordeko ordezkariaren hitzetan.
Sindikatuek nabarmendu dute ez dutela onartzen Gasteizko plantan langileak soberan daudela dioen argudioa, baina "kanporatzerik eta neurri traumatikorik gabeko negoziazioari ateak zabalik" utzi dizkiotela zehaztu dutem "betiere taldearen onura modu hitzartuan bilatuz".
Hala, langile batzordeak esan du EREa atzera bota izana "hartu zitekeen erabaki egoki bakarra" dela. Era berean, enpresako beste taldeetako langileen elkartasuna eta herritarrena eskertu ditu.
Ekonomia
Ekoizpena mantentzen bada, borondatezko bajak izatea aztertuko du Cegasako langile batzordeak
Eusko Jaurlaritzak atzo enpresako zuzendaritzaren lan erregulazio espedientea atzera bota izana txalotu dute Gasteizko lantegiko langileek, baita talde bereko Oñatiko lankideek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu