Energia eolikoaren alde daude, baina Eusko Jaurlaritzak egiteko baimena eman duen bost parke eolikoren kontra daude, parke eoliko horien kokaguneak babestutako eremuak direlako. 23 talde ekologistak egin dute parke eolikoen bost proiekturen kokaguneak baztertzeko eskaera. Talde horien artean daude Eguzki, Bizkaiko Ekologistak Martxan, WWF-Adena eta SEO-Birdlife.
Eusko Jaurlaritzari baztertzeko eskatu dioten parke eolikoak hauek dira: Alda-Arlaba (Harana, Araba), Arkamu (Erriberagoitia, Araba), Gazume (Errezil, Gipuzkoa), Iturrieta (Agurain, Araba) eta Kolometa (Zuia, Araba, eta Orozko, Bizkaia).
Talde ekologistek diote bost kokaleku horiek babestutako naturguneetan edo Natura 2000 sarearen barruko lekuetan daudela. Horregatik uste dute leku horiek Eusko Jaurlaritzaren plangintza eolikoetatik kanpo egon behar dutela.
Eusko Jaurlaritzak iazko uztailean eman zuen bost parke eoliko horiek egiteko baimena. Horietan 224 haize errota jarri nahi dituzte eta 150 MWeko potentzia aurreikusi dute. Inbertsioa 133 milioi eurokoa izango da.
Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsumitzen den energiaren %12 energia berriztagarrien bitartez sortu nahi du 2010. urterako. 2005ean kontsumitutako energiaren %4,4 bakarrik sortu zen energia berriztagarrien bitartez, eta Eusko Jaurlaritzak lan ildo hori sustatzea erabaki zuen.
Parke eoliko handiez gain, txikiak ere (10 MWeko potentziatik beherakoak) ere bultzatuko ditu. Ana Agirre Industria sailburuak duela gutxi jakinarazi du Garbeako (Balmaseda, Bizkaia) eta Punta Luceroko (Zierbena, Bizkaia) parke eoliko txikiez gain, beste 12 egiteko asmoa duela, zazpi Araban eta bost Bizkaian. Parke eoliko horiek bi eta hamaika haize errota artean izango dituzte.
Ekologistek bost parke eolikoren proiektuak baztertzeko eskatu dute
Eusko Jaurlaritzak iazko uztailean eman zuen bost parke eoliko horiek egiteko baimena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu