Ekonomia gaixo, eta osasuna diru eske

Inguruko herritarrak artatzeagatik jaso beharreko ordainek ekonomikoak izan behar dutela nabarmendu dute Errioxako agintariek. Tirabira ekonomikoan, kohesio funtsa da eztabaidagai nagusia.

jon olano
2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Inguruko lurraldeetako biztanleak artatzeari utzi ziotenean Errioxako agintariek argi esan zuten gatazkaren muina ekonomikoa dela. Arabako eta Nafarroako gaixoak Errioxako eritegietara joateagatik Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ordaindu behar dutela esan dute azken asteotan Errioxako Gobernuko presidente Pedro Sanzek eta Osasun kontseilari Jose Ignacio Nietok. Nafarroako Gobernuko Osasun sailburu Marta Verak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Rafael Bengoak, berriz, adierazi dute ez dutela kontraprestazio ekonomikorik emateko asmorik, eta Errioxarekin zerbitzuak trukatzea proposatu dute negoziazioetan. Aldi baterako akordioa sinatu dute Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuek Errioxakoarekin, baina behin-behinekoan ez diote mamiari heldu. Nietok ohartarazi du akordio ekonomikorik ez bada Errioxakoak ez diren gaixoak artatzeari utziko diotela berriro.

Horiek horrela, kohesio funtsa da eztabaidagai nagusia. Espainian herritar guztiek osasun zerbitzuetarako sarbidea bermatzea du helburu funtsak, eta bizilagunak artatzeak eragiten dituen diru galerak horren bidez ordaintzea proposatu dute Eusko Jaurlaritzak eta EAJk. Sanz aukera horren aurka azaldu da jada; haren iritziz, irtenbide horrekin erkidego batzuek bi aldiz ordainduko dute osasun zerbitzua. Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseilua 2012ko urtarrilean edo otsailean da biltzekoa, eta Jaurlaritzak gaia bilkurara eramango duela jakinarazi du Bengoak. Gatazka baretu da, baina ez da desagertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.