ahoan bilorik gabe

Ekonomia orotarikoa da garapenerako giltza, MIGen arabera

Jenofa Berhokoirigoin.
2013ko otsailaren 22a
09:23
Entzun

"Merkataritza eta Industria Ganberak betidanik defenditu du ekonomia orotarikoa Ipar Euskal Herriarentzat", Peio Olhagarai MIGeko garapenaren arloko zuzendariak Ahoan bilorik gabe deitu emankizun berrian azaldu duenez. Parean ukan ditu Maite Ubiria Kazeta.info-ko kazetaria, Jamattit Dirassar Herria-koa, Pantxika Maitia Kanaldudekoa, Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietakoa eta Jenofa Berhokoirigoin Ipar Euskal Herriko Hitza-koa. Krisia, euskal lurralde elkargoa, azpiegiturak, Ipar Euskal Herriaren garapena eta Hego Euskal Herriarekiko harremanak ukan dituzte solasgai ordu bat eta laurdenez.

Modelo bakar baten garatzeko hautua bazterturik dutela erranik, "mozaika" baten irudia erabiltzen du Olhagaraik Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarentzako garapen ekonomikoaz hitz egiteko orduan. "Ez dugu abantailak ematen dizkigun ahal berezirik; beraz, betidanik ekintza desberdinak garatu behar izan ditugu, bakoitzak bere zikloa ukanki, ziklo ezberdin guztien artean delako ekonomia eta lurraldearen egoera mantentzen zutik".

Horretarako hasi ziren duela bospasei urte kluster delakoei buruz gogoetatzen. Sektore bereko enpresak elkartu, eta estrategiak marrazten dabiltza, helburutzat sektorearen garapena ukanki. Balorapen baikorra egin du egitura horietaz.

Lurraldearen garapena sustatzeko martxan den euskal markari buruz ere hitz egin behar ukan du, kazetarien zalantzei erantzunez. Laborantza arloko mozkinen jatorria Euskal Herrikoa izatea ez du behartzen markak, eta, besteak beste, horretarako ziren proiektutik atera Kalitaldeko egiturak (Ble, Sagartzea, Ezpeletako Biperra AOC, Idoki, Eztigar, Arrapitz, Xapata, EHLG, ELB, Hemen eta hainbat ekoizle). Baina Olhagaraik argi utzi du: "Euskal markak ez du helburu jatorria segurtatzea, ez da produktu marka bat". Konkretuki, Alemanian hazitako behi bat Euskal Herrian transformatu ondoan %100 Euskal Herrikoa markaren pean izango ote den erantzutea saihestu du. Baiezkoa da erantzuna, baina gaur egungo Spanghero-Lur Berri afera ikusita, ez da agian hain erraza hori zehaztea. Euskal Herriko lehengaiekin lan egiten dutenak hastapenetik baztertu ordez, aitzinamendurako hitzarmenaren logika lehenetsi dute: "Guk hautaturiko sisteman atea irekia da; sektoreka gutxieneko hein bat finkatua da. Hori gainditu behar duzu, eta urte batzuk barne gehiago egin beharko duzu". Markan parte hartzen dutenen lautarik hiru laborantzaren sektorean ez direla dio Olhagaraik. RSE enpresen ardura soziala dute kontuan hartuko: "Guk diogu Iparraldean badirela ehunka enpresa bere gain har dezaketenak ardura sozial hori, eta ezagutarazi nahi ditugu kanpoan".

Krisiaren mamu beltza, beti

Krisi ekonomikoaz hitz egitean nahiko testuinguru beltza aurkeztu du MIGeko garapenaren arloko zuzendariak. "Orain dela hilabete batzuk genion lekuko ekonomia nahiko egoera kezkagarrian zela, langabezia gora ari zela eta enpresa handien egoera pixka bat ilunpean zela. Egoera hori ez da egun hobetu". Nahiz gauzak ez hobetu, txartuz ere ez doazela nabarmendu du hala ere.

Langabezia ere txikitzen ez dela erranik, "kezka handia" agertarazi du Olhagaraik. Alta, Ipar Euskal Herrian hartu gabeko 5.000 postu badirela dio. Postu horiek hutsik gelditzearen arrazoiak orotarikoak direla zehaztu du: gazteek ez dute industrian sartu nahi, Pole Emploi enplegu zerbitzuan enpresekiko lotura eskasa bada, kalifikazio bereziak beharrezko dira... Argi du langabeziari erantzuteko beharrezkotzat duen elkarlana eskas dela: "Enpresaren ikusmoldea bat da, langabezian denarena beste bat, horretaz arduratzen diren instituzioek ere badute berena... Ez dugu aski hitz egiten elkarrekin". 

Gazteen eta adin handikoen enplegua sustatzeko Frantziako Gobernuak planteaturiko belaunaldiko hitzarmenen aukera baliatuko dutela dio. Hala ere, hori aterabidea ez dela nabarmendu du: "Laguntza publikoak laguntza eskaintzen du, baina ez da iraunkorra". Horretarako, sektoreka plangintza berezi batzuk garatu behar direla uste du.

Industriak duen fama txarra azkar deitoratu du Olhagaraik: "Haien iduriko, lan zikina da... nik badakit ez dela hala", "biziki zaila da Iparraldean industria sostengatzea", "gaurko gazteek ez dute industrian sartu nahi", "industrian ekintza berriak sorrarazteko aukerak gehienetan ezeztatzen dira"... Alta, industriaren sektorea "ezinbestekotzat" dauka MIGek, biharko egiazko lanpostuak sektore horretan sortuko direlako.

AHTa bai ala bai eginen da

Ekintza industrialen gisara, eragile ekonomikoen eta herritarren artean diren desadostasun horiek kontuan hartzen ote dituzten galdetu diote kazetariek. "Bai, bai, eta barnatzen ditugu biziki hurbiletik". Enpresak laguntzeaz gain, lurraldearen garapena ere bada MIGen helburua, eta horretarako azpiegitura batzuk kokatzea "beharrezkoa" dela dio. Alde horretatik, AHT bide berriaren egitasmoa tinko defenditu du. Nahiz AHTaren ondorioak berehala ez diren ageriko, hemendik hogei bat urtera agertuko direla uste du Olhagaraik.

"Proiektu publiko baten ondorioa ona ateratzen da, horretaz arduratzen bagara. Uzten badugu egitasmoa bere lekua hartzen, fitsik erran eta negoziatu gabe, inpaktu positiboa ekarriko duenik ez da batere errana". Horregatik du MIGek besteak beste alde kokatzeko hautua egin: "Gure alde ala kontra, eginen delako". Hala ere, "beharbada tronpatu" direla zehaztu du, egingarritasuna aipatzeko orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.