Ekonomiak kondenatuta

Laguntzen eta publizitatearen jaitsieragatik, euskarazko lau hedabide itxi dituzte azken urtean. Etorkizuna kezkaz ikusten dute.

ainara arratibel gascon
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Ttipi-Ttapa, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan Erran, Nabarra, Eusko News Gaztea… Azken bi urteetan krisiaren ondorioz itxi behar izan dituzten euskarazko hedabideen zerrenda da. Guztiek zuten jarraitzaile kopuru oparoa. Baina diru laguntzen zein publizitatearen jaitsierak estututa, ezin izan dute proiektuekin aurrera jarraitu. Aurten ere diru laguntzak murriztu direla kontuan hartuta, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak ohartarazi du zerrenda horrek gora egin dezakeela. Hauek dira azken urtean itxi dituztenak:

'Nabarra'

Abenduan utzi zion Nabarra kultur elkarteak Nabarra aldizkaria argitaratzeari. Aurreneko bederatzi urteetan, Iruñean argitaratu zuten. Baina Nafarroako Gobernuak diru laguntza kendu zion 2009an. Horrenbestez, 2010eko udaberrian aldizkaria Iruñetik Bilbora joan zen. Mila harpidedunetik gora zituen aldizkariak. Haatik, Bilbotik ere ezin izan zioten buelta eman egoera ekonomikoari. Diru laguntzen murrizketa eta atzerapena nahiz publizitatearen jaitsiera erabakigarriak izan zirela nabarmendu zuten arduradunek. «Irakurle fidelak izan ditugu hasieratik, eta penaz hartu dute erabakia», esan zuen Irati Jimenez zuzendariak.

'Eusko News Gaztea'

«Zu hor egon zarelako aritu izan gara ilusioz eta ekimenez. Helburu batzuk genituen lehen zenbakia atera genuenean, eta bete dugulakoan gaude». Hitz horiekin esan zioten agur Eusko News astekari digitaleko arduradunek bost urteko ibilbideari. 2007ko urtarrilean jarri zuen sarean Eusko Ikaskuntzak agerkariaren lehen zenbakia. Gazteentzako agerkaria zen. Egoera ekonomikoak bultzatuta, ordea, urtarrilaren 12an egin zuten azken zenbakia. «Pena da euskara normaltasunerako bidea egiten ari dela halako euskarriak ixtea».

Esan Erran

Urtarrilaren 20an egin zuen azken emankizuna Nafarroako Esan Erran irratiak. Arrazoia argi azaldu zuen Maitane Burusko esatariak: «UPN-PSN gobernuaren gorrotoak eraman gaitu gauden lekura. Egoera ekonomiko larria da». Dena den, Ametza kultur elkarteak Pulunpe aldizkaria argitaratzen jarraituko du, azken hogei urteetan egin duen moduan. Anue, Atetz, Basaburua, Imotz eta Odietako ibarretan banatzen da. «Herritarrek hurbil sentitzen duten euskarazko aldizkari bat egiten jarraitu nahi dugu», esan zuen aldizkariko koordinatzaile Arantxa Puignauk.

'Mondraberri'

23.288. Itxi zutenean Mondraberri.com webguneak astean zituen bisita kopurua da. «Mingarria egiten zaigu, datuak oparoak baitira». Agerkaria zortzi urtez aritu da Arrasateko (Gipuzkoa) informazioa euskaraz ematen. Eskertuta azaldu dira. «Sortuko dira hutsunea betetzen lagunduko dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.