COVID-19ak, osasun krisiaz gain, jarduera ekonomikoan ere krisia ekarri du. Gaur kaleratu diren langabeziaren datuak horren lekuko dira. Langabeen kopuruak hazkunde handia izan du azken hilabetean: 13.507 langabe gehiago apirilaren amaieran Hego Euskal Herrian. Gizarte Segurantzaren afiliazioari dagokionez, beste 23.000 kotizatzaile galdu ditu apirilean. Shock ekonomikoaren zenbakiak ikusarazteko orrialde berezia sortu du BERRIAk: langabezia datuak, langabeziaren mapa, afiliazioaren datuak, BPGaren bilakaera, hoteletako okupazioa, auto berrien matrikulazioa... Merezi du begiratu bat ematea.
Koronabirusaren eguneroko datuei dagokienez, asteburua pasatuta, positibo berrien kopuruak berriro egin du gora. 308 positibo berri atzeman dituzte (aurreko egunean baino 240 gehiago), horietatik 31 PRC probaren bidez (EAEn, 13, eta, Nafarroan 18). Beste hamazazpi pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixotuta: guztira, 1.834 hildako. Ospitaleratuen kopuruari dagokionez, beheraka doa, baina oso mantso; gaurko datuen arabera, lau pertsona gutxiago. Kontua da altak badaude ere ospitaleratze berriak ere gertatzen ari direla. Azken orduetan, 22 gehiago (EAEn, 17, eta Nafarroan, 5), eta azken hamar egunetan, 419 (EAEn, 361, eta Nafarroan, 58).
Gobernuak zero fasetik lehen fasera pasatzeko prozesuari begira daude. Maria Txibite Nafarroako gobernuburuak iragarri du lehen fasera pasatzeko eskaera egingo diotela Espainiako Gobernuari. Nafarroak "adierazle kuantitatiboak" betetzen dituela ziurtatu ditu, datu zehatzak aipatu gabe. Fasez aldatzeko Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzetako bat ospitaleen gaitasunarekin lotuta dago. Hegoaldeko ospitaleek lehen fasera igarotzeko gaitasuna dute. Hala, Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzak ospitaleen gaitasunetik harago doaz. Edozein modutan, Espainiako Gobernuak bihar eramango du Kongresura alerta egoera luzatzeko proposamena, eta erlojuaren kontra ari da negoziatzen talde parlamentarioekin beharrezko gehiengoa lortzeko.
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren hedapena herriz herri eta osasun eremuka
EKONOMIA: Shock ekonomikoaren zenbakiak
Agian honek ere merezi du
Desinfekzioa. Konfinamendutik ateratzean, espazioak desinfektatzearen garrantzia areagotuko da, adibidez, denda eta negozio txikietan. Desinfekzioa ondo egiteko kontuan hartu beharrekoak azaldu, eta aholku batzuk eman ditu Miren Basaras Mikrobiologia irakasleak gaurko artikuluan.
Gorputza zaindu. Konfinamenduaren ondorioetatik gorputza nola babestu landu du Uxue Gutierrez kazetariak. Giharretako mina, begietako arazoak, loaren gorabeherak, hortzetako gaitzak, azalaren erreakzioak... Arazo horien guztien aurrean zenbait aholku bildu ditu.