Euskal Herriaren independentziaren alde edo aurka egoteko arrazoi nagusien artean ekonomikoak aipatzen dira maiz. Espainiako nazionalismoaren aldetik, eta ez bakarrik, independentziak euskal herritarrentzat izango lituzken ondorio kaltegarriak nabarmendu izan dira. Euskal Herria estatu gisa bideragarri izango litzatekeela pentsatzen duten ekonomialariek, aldiz, uste dute arrazoi ekonomikoa ez dela funtsezkoa. Independentistak sareak herenegun antolatutako mahai inguruan aritu ziren lau ekonomialariek zalantzarik ez dute: ikuspuntu ekonomiko batetik Euskal Herria bideragarria izango litzateke estatu independente gisa. Zein da gakoa, beraz? Politika, diote aho batez. «Arazoa politikoa da».
Independentistak sarearen Ideien Faktoria ekimenaren barruan, globalizazioaz, euskal ekonomiaz eta independentziaz aritu dira hizketan Anton Borja EHUko ekonomia doktorea, Yolanda Jubeto irakaslea, Joseba Barandiaran finantza gaietan aditua eta Oskar Aranzabal estatu txikietan espezializatutako ekonomialaria. «Euskal Herriak nahiko gaitasun ekonomikoa du estatua izateko: biztanleko irabazkina Europako batez bestekoaren gainetik dago, produzitzeko gaitasun handia daukagu, eta industria historia luzea», nabarmendu du Borjak. Hortaz, gakoa politikoa litzateke: «Estatu gisa Europan sartzeko estatuen onespena behar da, estatuen arteko akordioak... eta azken urteetan ikusten ari gara hori lorgarria dela».
Abiapuntua, beraz, Espainiatik eta Frantziatik bereiztea izango litzateke, Barandiaranen hitzetan. «Bikoteen harremanekin konparatzen dut. Banaketa zein modutan gertatzen den da gakoa. Modu baketsuan gertatzea oso garrantzitsua da, baina Espainia senar gogorra da», ohartarazi du.
Jubetok, berriz, Euskal Herrian barne artikulazioari eta herritarren borondateari heldu dio bere argudioetan. «Independentzia bideragarria da gizarteak hala nahi badu». Ekonomia irakaslearen arabera, Euskal Herriaren zatiketa politiko eta administratiboak kalterako eragina izan du pentsamolde independentistaren garapenean. «Ez dugu gure politika ekonomiko propioa lantzeko tresnarik, eta, urte luzez, Euskal Herri osoaren ekonomiaren argazkirik gabe egon gara». Alor horretan Gaindegiak eginiko lana nabarmendu du.
Zifretatik haratago, independentziaren aldeko edo aurkako hautua «psikologikoa» dela azaldu du Aranzabalek. «Autoestimukontu bat da». «Kalean galdetuz gero, herritar askok esaten dute Euskal Herria txikia dela... Baina Europan gu baino txikiagoak diren sei estatu daude, eta munduan 60». Beste ekonomialariek aipatu bezala, Aranzabalek ere uste du ekonomikoki bideragarria dela euskal estatua. «Galdera ez da bideragarria den edo ez. Independente izan nahi duzu? Hori da benetako galdera». Aranzabalen arabera, ekonomiak lotura zuzena dauka psikologiarekin, zoriontasunarekin. «Eta azterketetan ageri denez, estatu txikietan bizi direnek esaten dute zoriontsuagoak direla. Herritarrei galdetu behar zaie zoriontsu izan nahi duten edo ez».
Subjektu politikoa sortzen
Iaz sortu zenetik, Independentistak sarearen helburuetako bat izan da independentzia «politikaren esparru utopikotik eguneroko eztabaidara ekartzea». «Horrek eskatzen du ideia independentistaren aspektu guztien sakontzea, lantzea, plazaratzea», dio Txutxi Ariznabarreta sareko kideak. Horretarako sortu dute Independentziarako Ideien Faktoria. Duela astebete egin zuten lehenengo mahai ingurua, Iruñean. Immigrazioa, emigrazioa eta independentzia prozesuen inguruan aritu ziren hizketan Luz Amparo Pimiento errefuxiatu kolonbiar eta integrazio sozialean aditua, Jon Maia bertsolaria eta etorkinen semea, Pedro Albite irakaslea eta Anitzak taldeko kidea, Richard Weyndling Iruñean bizi den eskoziarra, Floren Aoiz idazlea, Julio Ibarra kazetaria. Euskal diasporako herritarrekzein etorkinek «subjektu politiko independentista» osatzeko orduan egin dezaketen ekarpenaz aritu ziren, besteak beste.
@Mahai inguruetako bideoak ikusteko eta ekarpenak egiteko:
www.ideienfaktoria.net
Ekonomiaren mamua
Ideien Faktoria ekimena jarri du martxan Independentistak sareak. Migrazioez, euskal nortasunaz, ekonomiaz eta independentziaz aritu dira lehenengo mahai inguruetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu