Berria egunkaria, berria.info informazio gunea eta tokian tokiko hainbat egunkari Lea-Artibaiko, Oarsoaldeko, Tolosaldeko eta Urola-Kostako Hitza-k jarri ditu abian urtebetean EKT Euskarazko Komunikazio Taldeak. Enpresaren Administrazio Kontseiluak akziodunen ohiko batzarrerako deia egin du biharko. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean izango da, goizeko hamarretan hasita.
Orain arte bi batzar egin dituzte EKTko akziodunek, baina horiek proiektua abiatu ahal izateko egin zituzten. Bi batzar horietan hasierako akziodunek, Euskaldunon Egunkaria-ko langile ohiek, parte hartu zuten bakarrik. Hasierako akziodunen batzarra EKT enpresaren kapitala handitzeko asmoz egin zuten. Bigarren akziodunen batzarra, berriz, Administrazio Kontseilua izendatzeko eta proiektu guztia abiatzeko egin zuten. Gaur egungo Administrazio Kontseiluko kideak honako hauek dira: Josean Lizarribar, Joanmari Larrarte, Joxe Mari Sors, Ane Agirregomezkorta, Adolfo Arejita, Xabier Kintana, Pello Zabala eta Patxi Noblia. Biharko batzarra, beraz, akziodunen lehen batzar nagusia izango da, eta estrainekoz, 24.404 akziodunek izango dute bertan parte hartzeko aukera. Horrez gain, urteko lehen batzarra ere bada.
Balantzea eta egitasmoak
Biharko batzarrean akziodunek orain arteko lana eta aurrera begirako urratsak ezagutu eta zehaztu ahal izango dituzte. Lehenik eta behin, iazko balantzea eta diru-kontuak aurkeztuko dira batzarrean, egoki ikusiz gero, onar ditzan. Atal horretan, 2003ko ekainetik abendura arte egindako jardueren eta horren emaitzen berri emango diete akziodunei.
Urteak emaitzak aztertzea bezain garrantzitsua da urteak eman dezakeena aztertzea. Horregatik, 2004ko kudeaketa plana eta aurrekontuak ere aurkeztuko zaizkie akziodunei. Enpresaren kapitala gehitzea proposatuko dute batzarrean. Gai horiek lantzeaz gain, Administrazio Kontseiluan falta diren kideak aukeratuko dituzte. EKT bederatzi lagunekin abiatu zen iazko ekainean eta haietatik zortzik jarraitzen dute, beste lan batzuengatik utzi egin behar izan baitu batek. Kontseilua 11 lagunek osatuko zutela erabaki zen bere garaian, eta orain, hiru lagun gehiago sartzea proposatuko diete batzarreko kideei. Hiru horietako bik langileen aulkiak beteko dituzte. Hirugarrena langile taldetik kanpokoa izango da.Batzarrerako, Martin Ugalde Kultur Parke aurrean karpa erraldoi bat jarrita dago; karpan bertan izango da bilkura. Karpa horrek 800 lagunentzako tokia dauka. Batzarraren ostean, hamaiketakoa egin, eta, erosi dituzten akzioekin eraikitako proiektua non dagoen eta zertan ari den ikusi ahal izango dute bihar Andoainera hurbilduko diren EKTren akziodunek.
EUSKARAZKO KOMUNIKAZIO TALDEA
EKTk milaka akziodun deitu ditu biharko batzarrean parte hartzera
BERRIA abian jarri zuten 24.404 akziodunek bihar goizeko hamarretan dute hitzordua, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu