Euskal Herriak bizi duen garaiak "gizarte mugimendu indartsua" osatzeko unea "izan daiteke eta izan behar du". Hala adierazi du ELA sindikatuak Aberri Egunaren harira bidalitako adierazpenaren arabera. Sindikatuak dei egin die bere afiliatuei igandeko ekitaldi "publiko eta pluraletan" parte har dezaten. Izan ere, erakundeek, euren politiken bidez, "mugak" ezartzen dizkiote burujabetzari, eta zentzu horretan, garrantzitsu deritzo gizarteak bere gain hartzea subiranotasunaren alde egiteko ardura.
ELArentzat Kataluniako herritarrek egituratutakoa, esaterako, "erreferente berezia" da Euskal Herriarentzat. Eskoziako subiranotasun prozesuari ere erreferentzia egin dio sindikatuak, batik bat, Espainiari, Erresuma Batuaren aldean, "falta" zaion "heldutasun politiko eta demokratikoa" azpimarratzeko. Horregatik, ELAk deia egin du Gure Esku Dago ekimenak ekainaren 8an antolatutako giza katean parte hartzera: "Burujabetzara bidean, pauso zehatzagoak ematen hasteko erreferentzia itxaropentsua eta beharrezkoa da".
Sindikatuak "munduko nazioen artean librea" izango den Euskal Herria amesten du, eta zentzu horretan, uste du Eusko Legebiltzarrean abiatu den autogobernu lantaldea "elbarrituta" sortu dela. "Eztabaida hasi aurretik, indar politiko nagusiak erabaki du —EAJk— estatusaren etorkizuna Espainiako bi indar politiko nagusienetako batekin behintzat adostea".
ELAren ustez, krisi ekonomikoa "autogobernua murrizteko aitzakia gisa" erabiltzen da, eta Espainiari "aurre ez egitea" erabaki da: horregatik, lantaldeak ez du "autodeterminazio eskubidearen aitortzarik egingo, ez subiranotasunarena, ez aldebikotasunarena".
Aberri Egunerako deialdiak
Independentistak Sareak Iruñean egin du hitzordua iganderako, Gehiengoaren nahia, independentzia lelopean. Sortuk, EAk, Aralarrek, ABk eta Alternatibak bat egin dute ekimenarekin, eta horrez gain, beste ekitaldi bat egingo dute bezperan, Larresoron (Lapurdi). EAJk, berriz, Bilboko Plaza Barrian egingo du ekitaldia, "Euskadi Europara begira" lelopean.