Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak adierazi du berak uste duela Arnaldo Otegi eta ezker abertzaleko beste kide kartzelatuek "prozesu demokratikoak aurrera egitea" nahi dutela, eta Espainiako Gobernuari haiek "berehala" aske uzteko eskatu dio, "baina prozesu honek aurrera egiteko, ETA zer esaten duen izango da erabakigarria, eta ez du balioko edozer gauza esatea".
Ezker abertzaleak Prozesu demokratikorako lehen urratsa: ezker abertzalearen oinarriak eta borondatea agiria aurkeztu zuen larunbatean, Altsasun (Nafarroa), eta "indarkeriarik eta esku-hartzerik gabeko prozesu politiko baketsu eta demokratikoa" burutzeko konpromisoa hartu zuen, "soilik bitarteko politiko eta demokratikoak erabilita". Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta urriaren 13an atxilotu zituzten.
ELAk ere "eskenatoki berria" nahi duela azaldu du Muñozek, "[Espainiako] Estatuarekin dugun gatazka politikoaren eztabaida bide politikoetatik soilik eman dadin behin betiko".
PSOEri "oztopoak jartzeari uzteko" eskatu dio ELAko buruak, baina zail ikusten du hori gertatzea. "Izan ere, PSOEk eta PPk Euskal Herrian duten itunak zoragarri funtzionatzen du. Ez daude prest gatazkari termino demokratikoetan aurre egiteko eta, gainera, Estatua atzeraka doa; bere izaera ez-demokratikoa erakusten ari da ahal duen uneoro". Besteak beste, Espainiako Estatua "oso baldintza gogorrak" jartzen ari dela salatu du.
ELAko metal arloa Barakaldon (Bizkaia), BECen egiten ari den VIII. kongresuan mintzatu da Muñoz.
politika
ELA: "Prozesu demokratikoak aurrera egiteko, ETAk zer esaten duen izango da erabakigarria"
Adolfo Muñoz idazkari nagusiak Arnaldo Otegi-eta "berehala" libre uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari, "horiek prozesuak aurrera egitea nahi dutelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu