Martxoak 8

ELA: "Sektore feminizatuak dira baldintza okerrenak dituztenak"

Sindikalgintzan feminismoa txertatzeko bilera egin du ELAk eta ikastetxeetan hezkidetza bultzatzeko unitate didaktikoa osatu du Steilasek.

Adierazpen instituzional bat irakurri du Donostiako Udalak Martxoaren 8aren harira. DONOSTIAKO UDALA
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2015eko martxoaren 6a
18:07
Entzun

Norbere esparruan ekarpena egin nahi diote sindikatuek emakumeen aldeko borrokari. ELAk eguneroko dinamikan feminismoa nola landu aztertzeko hausnarketa egin du goizean Bilbon, eta elkarretaratzea egin dute gero. Jone Bengoetxea sindikatuko Genero Politika Saileko arduradunak salatu du gaur gaurkoz emakume aurpegia dutela gatazka laboralik gogorrenak. “Lan merkatua sexuaren arabera banatuta dago eta sektore feminizatuak dira baldintza okerrenak dituztenak”. Lan merkatuak aitortzen ez dituen enpleguetan ere andrazkoak aritzen direla adierazi du. “Lan horiek guztiek ez dute diru baliorik, ez eta aitortza sozialik ere”. Egoera hori irauli nahi du ELAk, eta horretan eragingo dutela adierazi du Bengoetxeak.

Hezkuntzan transmititzen diren baloreetan jarri du arreta Steilas sindikatuak. Hezkuntza eredua maskulinoa eta sexista dela salatu du Afrika Jimenez sindikatuko emakume idazkaritzako kideak, eta horri aurre egin asmoz ikasleekin hezkidetza lantzeko unitate didaktikoa prestatzen du urtero Steilasek. Emakume kirolariak lantzen ditu aurtengo lanak. Horrez gainera, aldizkari bat ere eman dute argitara: “Berdinatsunaren aldeko hausnarketa bilduma egin dugu”. Gogoeta bultzatu nahi dute agerkariarekin. Hezkuntza esparruaz gain, ekonomia eta lan eremuaren inguruko gogoetak bildu dituzte bertan.

Erakunde adierazpenak egin dituzte hainbat instituziok Emakumeen Egunaren harira. Eusko Legebiltzarrak konpromisoa azaldu du "urrats irmoak" egiteko berdintasunera bidean, eta gogorarazi du aurten hamar urte direla Eusko Legebiltzarrak Berdintasun Legea onartu zuenetik. Hamarkada horretan "aurrerapausoak" izan direla esatearekin batera, aitortu du "asko" dagoela egiteke, eta garrantzitsutzat jo du "lortutako eskubide eta askatasunetan atzerapausorik" ez egotea.

Mobilizazioetara deia

Donostiako Udalak "Parekidetasuna, emakumeen kontrako indarkeria, sexu askatasuna, emakumeen ahalduntzea, eta sexuen arteko aukera berdintasunean lanean jarraitzeko konpromisoa" adierazi du, eta baita "sexuen arteko aukera berdintasuna Udaleko esparru guztietan lantzekoa" ere.

Bilboko Udaleko Berdintasun zinegotzi Oihane Agirregoitiak hezkuntza komunitatearen eta gazteriaren garrantzia nabarmendu du "benetako berdintasuna" lortzeko gizon-emakumeen artean. Bizkaiko hiriburuan 13:00etan elkartuko dira Arriaga plazan igandean, eta bertaratzeko deia egin du Udalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.