Sorturen legeztatzearen alde larunbatean Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egin dute ELA sindikatuak, Alternatibak eta Aralarrek. ELAk ohar batean agertu dio babesa deialdiari, eta bere afiliatuei eta euskal gizarteari manifestazioan parte hartzeko deia egin die. Sindikatuak uste du legeztatzea aldarrikatzea «parte-hartze politikorako eskubidearen adierazle» dela eta eskubide hori ez zutela «inoiz» urratu beharko. Hori dela eta, ELAk Espainiako Gobernuari «arduraz» jokatzeko eskatu dio, baita bide eman diezaiola «hauteskunde lehian parte hartzeko zilegitasuna duen sektore politiko bati ere, beste indarrek dituzten baldintza berberetan».
Alternatiba alderdiak ere atxikimendua adierazi dio manifestazioari, Oskar Matute eledunak jakinarazi duenez. Bilboko mobilizazioak gizartearen gehiengoaren borondateari erantzuten diola esan du. Matutek gogorarazi du «herritarrak direla haien botoekin apustu politikoak berretsi edo ezeztatu behar dituztenak», eta, horregatik, beharrezkoa deritzo ezker abertzaleak datozen hauteskundeetan egoteari.
Aralarrek ere dei egin die herritarrei Bilbora joateko. Ezker abertzalearen legeztatzea bake eta normalizaziorako bidean egin beharreko urratsa dela dio, eta Sortuk bide politikoen alde erakutsi duen «argitasuna eta kemena» baliatzeko eskatu du.
ELAk, Alternatibak eta Aralarrek bat egin dute manifestazioarekin
Ezker abertzaleak bozetan egoteko eskubidea duela iritzita, larunbatean Bilbora joateko deia egin dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu