Espainiako Gobernuaren egokitze politikei aurre egiteko, ELA sindikatuak desobedientzia politikoa egitera deitu ditu autonomia erkidegoak, diputazioaketa udalak. Sindikatuaren ustez, egungo estatus politikoa aldatzeko, beharrezkoa da burujabetzaren aldeko aldarrikapenak «errealistak eta sinesgarriak» izatea. Bide horretan, ELAk uste du erakundeek obedientziari uko egiteak «independentismoari kreditua» emango liokeela. Igandeko Aberri Egunaren harira idatzitako adierazpenean esan du hori.
Oharrean salatu duenez, iazko Aberri Egunetik hona erreforma eta murrizketa «gogorrak» egin ditu Espainiako Gobernuak, eta horiek «langile klasea ahuldu eta pobretzea besterik ez dute eragin». Besteak beste, iazko ekainean onartutako negoziazio kolektiboaren erreforma kritikatu dute: «Langileria txirotzea da hitzarmenak zentralizatzearen helburua».
«Europako Batasunaren porrot demokratiko izugarrian», ELAk eredutzat jo ditu Eskoziaren eta Islandiaren kasuak. «Eskozian, herritarren autogobernu nahia, gizarte eredu justuago baten helburuari lotuta doa. Islandian, krisiaren ardura izan dutenak auziperatzea lortu dute».
Beste erabaki batzuen zain
Oharrean, egungo egoera politikoaren gogoeta bat ere egin du ELAk. Haren iritziz, «pozgarria» da ETAk armak utzi izana. Baina, Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu egin du: «ETAren erabakiaren ondoren, beste batzuk etorri beharko lirateke, baina Gobernuak ez dirudi egoera berria kudeatzeko asmorik duenik».
ELAk uste du giza eskubideen arloan urrats «irmoak» egin behar dituela Gobernuak. Besteak beste, kritikatu egin du Parot doktrinari eustea, eta «politika egitearen ondorioz» hainbat pertsona espetxeratzea.
ELAk desobedientziara deitu du, independentismoaren alde
Sindikatuaren ustez, burujabetzarako bidean beharrezkoa da aldarrikapen errealista eta sinesgarriak egitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu