ELAk biziki gaitzetsi ditu Espainiako Gobernuak atzo iragarritako neurriak, eta uste du "jasandako erasoaren tamainako erantzuna" emateko unea iritsi dela. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak iragarri du "gizarte politiken aldeko mobilizazioetan parte hartu duten gainontzeko sindikatu eta eragileekin batera" ari direla erantzun hori "prestatzen", eta "klase politikoari" Espainiako Estatuarekin "arlo soziala lehentasunezko papera beteko duen benetako krisi politikoa zabaltzeko" eskatu dio”.
Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak atzo jakinarazitako neurriak "herritarren kontrako eraso basati eta krudela" direla adierazi du Muñozek.
ELAk uste du neurri horiek langabeziaren hazkunde nabarmena eta pobreziaren zabalkundea ekarriko dutela. Hori dela eta, "bestelako politikak lortu aldera gizarte mobilizazioa ezinbestekoa, egungo politikak kapitalaren, patronalaren eta bankaren esanetara baitaude”.
Espainiako Gobernuak 65.000 milioi euro aurreztu nahi ditu bi urte eta erdian hainbat neurrirekin: BEZa igota, langabezia saria murriztuta... Bruselak txalotu egin ditu murrizketak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du "inondik inora" ez datorrela bat Raxoi gobernuburuak atzo iragarritako neurriekin. "Aurkeztutako murrizketa sorta ez dugu aplikatuko, hori egiteko eskumena dugun kasuetan behintzat".