Manifestazio debekuen aurka eta eskubide guztien alde urriaren 2an Bilbon egingo den martxa babestu dute ELAk eta LABek. Euskal Herriko hainbat herritar ezagunek antolatu dute ekimena. Ez manifestazioen debekuari. Ez inongo inposiziorik, ez inongo indarkeriarik. Bai giza eskubideei, eskubide zibilei eta politikoei izango da manifestazioaren leloa, eta Aita Donostia plazatik abiatuko da, 17:00etan.
Komunikabideei igorritako ohar batean ELAk adierazi du deialdi horrek aintzat hartzen duela euskal gizartearen nahia. «Askatasun eta berme demokratikoak aitortu behar dira eta giza eskubide zein eskubide zibil eta politikoak errespetatu», dio sindikatuak. Hala, ELAko afiliatu guztiei dei egin die ekimenean parte hartzera.
LABek ere babestu du ekimena. Herritar guztiak kalean izatea espero duela adierazi du Ainhoa Etxaidek. LABeko idazkari nagusiak salatu duenez, egungo testuinguruan manifestazio eskubidea urratzen du Espainiako Estatuak. Hala, Espainiako Gobernuari eskatu dio bakerako bidean urratsak egiteko. «Haiek dira egoera konpontzeko urrats nahikoak egin ez dituztenak». Besteak beste, ezker abertzalearen legalizazioak prozesua lagunduko lukeela nabarmendu du. «Ezker abertzaleak aukera izan behar du hauteskundeetan parte hartzeko. Eskubide hori berandu baino lehen onartu behar dute, bake egoera bat lortzeko urrats handia bailitzateke».
Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean, LABeko idazkari nagusiak nabarmendu du ezker abertzalea engaiatua dagoela bide demokratiko eta baketsuetatik aritzeko hartutako erabakiarekin. Espainiako Gobernuari eskatu dio bide horretan sakontzeko. «Estatuari eskatzen diogu bere posizioa defenda dezan bide demokratikoetatik, eta hemen du hori erakusteko aukera», adierazi du Etxaidek.
ELAk eta LABek bat egin dute eskubideen alde Bilbon egitekoa den martxarekin
Urriaren 2an izango da ekimena, eta Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek antolatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu