ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dituzte Osasunbideko langileak, abenduaren 17rako. Sei orduko grebara deitu dituzte langile guztiak, 12:00etatik 18:00etara; Lehen Mailako Arretan, berriz, egun osoko greba antolatu dute. Deialdia egiteko "hamaika arrazoi" badirela nabarmendu dute sindikatuotako ordezkari Ivan Gimenezek eta David Mendazak. 2012. urtean Osasunbidean 1.000 lanpostu galdu direla salatu dute, eta 2013ko urtarrila eta martxoa bitarte bertze 250 galduko direla, Nafarroako Gobernuaren "pribatizazio asmoen" eta osasun eredua aldatzeko erreforma egitasmoaren eskutik. "Erreforma egiteko baino gehiago, murrizketa egiteko aldaketa da", azaldu dute.
Nafarroako Gobernuak osasun arloa enpresa pribatuen esku utzi nahi duela gaineratu dute sindikatuek. "Zatika ari dira zerbitzuak pribatizatzen", erran dute. Langileen baldintzek ere okerrera egin dutela nabarmendu dute ELAk eta LABek. Ildo horretan, lanaldia luzatzeko asmoak salatu dituzte sindikatuek. 2000. urteko legearen arabera, asteko 35 ordukoa da lanaldia Osasunbidean. Aurten, ordea, lege hori behin-behinekoz bertan behera utzi du bertze lege batek, eta 37,5eko lanaldia ezarri du. Kontua da abenduaren 31n bertan behera geldituko dela lege hori. "Horrek erran nahi du indarrean izanen dela, berriz ere, 35 orduko lanaldia ezartzen duen legea". Dekretua aurkeztu du gobernuak 37,5 orduko lanaldiari eusteko. Sindikatuen ustez, legea dekretuaren gainetik da, eta onartuz gero, helegitea aurkezteko asmoa dute.
Abenduaren 17an, 12:00etatik 13:00etara elkarretaratzea eginen dute Vianako Printzearen kontsulta egoitzaren aurrean. Manifestazioa hasiko da han bertan, 13:00etan.