ELAk eta LABek mobilizazioak egingo dituzte gaur Osakidetzan

Osasun sistema pribatizatzea, langile eta baliabideak murriztea eta lan negoziazioak etetea salatuko dute

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Osasun arloko beharginek mobilizazioak egingo dituzte gaur, Donostia ospitalean, Gurutzetako ospitalean eta Santiago ospitalean, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Eusko Jaurlaritzaren osasun politika eta horren ondorioz egin diren murrizketak salatzea da protesten helburua; baita lan hitzarmenerako negoziazioaren egoeraz protesta egitea ere.

Osasun sailaren politikek osasun sistema publikoa ito egiten dutela salatu dute bi sindikatuok: «Osasun arloan ez da behar beste gastatzen». ELAko Mirari Irureren esanetan, aurreko gobernuaren eta egungoaren aurrekontu politika gastuari eustean oinarritzen da, eta herrialde garatuek duten batez besteko gastutik «oso behera» dago. Hala, ELA eta LAB sindikatuek OCDE Ekonomia Garapenerako Lankidetza Erakundeko kide diren herrialdeen batez bestekoaren pare gastatzeko eskatzen dute.

Haatik, Jaurlaritzak osasungintzarako aurrekontua 260 milioitan gutxitu du aurten, bi sindikatuok gogorarazi dutenez. Soldatetan, gainera, Espainiako Gobernuak erabakitako %5eko murrizketa izan dute Osakidetzako beharginek. Horretaz gain, lan taldeak gutxitu direla eta ordezkapen kontratuak eten direla ohartarazi du. «Honek guztiak arretaren kalitatean eragina izan du: itxaron zerrendek eta beharginen lan kargak modu nabarmenean egin dute gora».

ELA eta LAB sindikatuetako ordezkarien esanetan, Osakidetzaren giza baliabideak eta baliabide materialak dauden beharretara egokitu behar dira. Horren harira, azken aldian hiru antolaketa plan ezarri direla azaldu dute: Arabako arreta espezializatuaren berrantolaketa plana, Bizkaiko buruko osasuneko sarea eta osasun arreta asteburuetan berrordenatzeko plana. «Guztietan itxiera erabakitzen da; aurrenekoan ospitale batena, bigarrenean oheena eta hirugarrenean osasun zentroena», azaldu du LABeko Bego Taberak.

Langileei egonkortasuna emateko eskatzen dute, «justifikatu gabeko aldi baterakotasunean oinarritutako kontratazio politikarekin bukatuz». Pribatizazio gehiagorik ez dutela onartuko ohartarazi diote Eusko Jaurlaritzari, eta dagoeneko esku pribatuetan dauden jardueren legezkotasuna gainbegiratzeko galdegin dute. Zentzu horretan Osarean telelaguntza sarea kritikatu dute, enpresa pribatu baten eskuetan utzi dutelako. Izan ere, «ELAk eta LABek kalitatezko osasun sistema publiko, unibertsal eta doakoa» aldarrikatzen dute, «langileentzat funtsezkoa» deritzotelako. Horregatik ez dute ordainkidetza ezartzea begi onez ikusten.

Elkarrizketarik ez

Lan hitzarmena lortzeko negoziazioak etenda daude, gainera. Maiatzetik bildu gabe zeuden, eta azaroaren 24an elkartu ziren azkenekoz. «Bost ordu eman zituen Jaurlaritzak bere proiektuak aurkezten. 10 minutu eman zizkiguten guri», gogoratu dute. Gainera, aurretik onartutako zenbait kontzeptu desagertu egin dira negoziaziotik. Ez dute negoziazioei epe laburrera heltzeko aukerarik ikusten: «Ez dugu solaskide ofizialik. Giza Baliabideetako zuzendariak kargua utzi du». Negoziaziorako eskubidea urratu dietela salatzen dute sindikatuok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.