ELAk Aberri Eguna baliatu du egoera politikoaren inguruko gogoeta egiteko. Lehenik, nabarmendu du sindikatuko militanteen motibazio nagusia dela "nazio justu eta solidario bat eraikitzea, lan harremanetako eta gizarte babeseko euskal esparru bat sendotu eta blindatzea eta burujabetasun nazionala iristea".
Gainera, sindikatuak gogorarazi du aurten 50 urte beteko dituela Itsasuko Adierazpenak, hau da, Enbata mugimenduak deitu zuen Aberri Egunez plazaratu zuen agiriak. "Adierazpen hura Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzale antolatuaren sorreratzat jotzen da", azaldu du.
Bestetik, ETAren jardueraren amaierarekin "aukera politiko berriak" sortu dira, sindikatuaren arabera. Hego Euskal Herrian, baina, "egoera paradoxikoa" da. "Trantsizio politiko delako hartatik hona Espainiako Estatuak sekula ez du gure autogobernua gaur bezain kinka larrian jarri; baina, era berean, horri aurre egiteko tentsio politiko oso ahula nabari dugu".
Sindikatuaren ustetan, estatuak "ez die irtenbiderik eman nahi konpontzeko dauden armagabetzeari eta espetxe politikari". Bereziki "larria" dela uste du Parot doktrina "zein egoskor ari den aplikatzen", Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren irizpidearen aurka.
Murrizketak ere aipatu ditu ELAk bere adierazpenean. Uste du Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak "ezinbesteko" eta "beharrezko" balira bezala azaltzen dituztela eta, "zoritxarrez", gobernuetako sartu-irtenek ez dutela agenda politikoa aldatzen. Gogorarazi du 240.000 pertsona daudela lanik gabe eta "pobrezia gero eta handiagoa" dela, ez soilik krisiaren eta langabeziaren ondorioz, errentaren banaketa "oso bidegabea" delako baizik.
ELAk kezka agertu du murrizketa publikoek funtsezko zerbitzu, elkarte eta erakundeetan izango duten eragina dela eta. "Horiek guztiak behar-beharrezkoak dira eraikuntza nazionalerako, eta hainbat esparrutan dihardute: euskara eta kultura, elikadura burujabetza, berdintasun politikak, kirola, energia alternatiboak, nazioarteko elkartasuna, immigrazioa, memoria, giza eskubideak, etxebizitza, pobreziaren aurkako borroka...".
Erakundeei erreferentzia eginez, horietan ordezkatuta dauden indar abertzaleen artean ELAk ez du ikusten euren "interes nazionalen alde egiteko aliantzak osatzeko bat ere interesik" . Adibide gisa jarri du Eusko Legebiltzarra: "Gehiengo abertzale handia antzua gertatzen da".