Eusko Jaurlaritzak udal euskaltegietan murrizketa gehiago «inposatu» nahi dituela salatu du ELAk. Hala jakin ahal izan du Eudel Euskal Udalen Elkarteak bidalitako zirkular baten bidez. Murrizketak ia %10ekoak izango dira, eta lehengo urtean egin zirenei gehituko zaizkie. Ondorioz, udal euskaltegiek are eta ikasle, langile eta bitarteko gutxiagorekin funtzionatu beharko dutela ohartarazi du ELAk.
Sindikatuak gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politika, eta krisiari aurre egiteko hartu diren neurriak «desegokiak» izan direla uste du. ELAren aburuz, «krisiaren pisu osoa herritarrek jasan behar izan dute; gainera, murrizketok udalen eta herritarren euskalduntzeaz arduratzen diren oinarrizko erakunde eta baliabideei egiten diete kalte, eta hori hizkuntza eskubideentzat eta euskararen normalkuntzarat kaltegarria da».
Bestalde, Eudelen jarrera «salagarria» dela iritzi dio ELAk. Izan ere, «herritarrentzat garrantzitsuak diren zerbitzuak» defendatu beharrean, Eusko Jaurlaritzaren murrizketen transmisore hutsa izatea egotzi dio Euskal Udalen Elkarteari. Sindikatuaren arabera, «Eudelen kezka bakarra udal euskaltegien finantzaketa bere gain ez hartzea da».
Urtetik urterako jaitsiera
ELAk gogorarazi duenez, 2010-2011ko ikasturtean udal euskaltegiei eman behar zitzaizkien diru laguntzak %12,5 murriztu nahi izan zituen Jaurlaritzak. Euskaltegi pribatuen kasuan, jaitsiera %2,9koa izango zela aurreikusi zuen. Azkenik, Jaurlaritzak Eudelekin lortu zuen akordioari esker, udal euskaltegiei emandako diru laguntzak %2 jaitsi ziren, eta Blanca Urgell Kultura sailburuak euskaltegien lana goraipatu zuen, euskarari ematen dioten bultzada «txalogarria» dela esanez.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 39 udal euskaltegiri eta 9.000 ikasle ingururi eragin zien lehengo urteko murrizketak, eta 2010-2011ko ikasturterako aurreikusten denak ere beste horrenbesteri eragingo die.
ELAk salatu du %10 murriztuko dituztela udal euskaltegietako laguntzak EAEn
Sindikatuak adierazi du irailean hasiko den ikasturterako baliabideak gutxituko dituela Jaurlaritzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu