ELAk salatu du Arabako eta Bizkaiko anbulantzien zerbitzuetako baldintzek okerrera egin dutela

Anbulantzien zerbitzua garestitu egin dela salatu du sindikatuak. Bi hilabete barru amaituko da osasun garraioko larrialdietako kontratua, baina ELAk dio Jaurlaritzak oraindik ez duela kontratu berria lizitatu.

Anbulantzia bat, Basurtuko ospitalean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Anbulantzia bat, Basurtuko ospitalean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
edurne begiristain
2025eko azaroaren 14a
10:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila «utzikeriaz» ari da jokatzen Arabako eta Bizkaiko garraio sanitarioaren zerbitzuarekin, ELAk salatu duenez. Sindikatuaren arabera, bi lurraldeetako anbulantzia zerbitzuen kontratua bikoiztu egin den arren, langileen baldintzek okerrera egin dute, eta egoera «prekarioan» ari dira lanean: «Ibilgailu flota egoera negargarrian dago, eta anbulantzia batzuek ez dute segurtasun eta eraginkortasun estandarrik betetzen». Garraio programatuetan, bizi euskarri oinarrizkoan eta aurreratuetan eta larrialdi zerbitzuan sumatu ditu ELAk segurtasun arazoak, eta, haren ustez, «mehatxu zuzena» da paziente eta profesionalentzat.

Arabako osasun garraioaren zerbitzua Ambulancias Gipuzkoak ematen du, eta Bizkaikoa, UTE Bizkanbek. Bi kontratuak 2026ko urtarrilean amaituko dira, baina Jaurlaritzak oraindik ez du kontratu berria lizitatu. La Pau enpresak kudeatzen zuen aurretik zerbitzu hori, eta Osasun Sailak harekin zuen kontratua eten zuen, lan arriskuen prebentzioan hutsegite larriak egin zituelako — Lan Ikuskaritzak zigorrak ezarri zizkion horregatik—. Baina, ELAk salatu duenez, Ambulancias Gipuzkoak eta UTE Bizkanbek ez dituzte gabezia horiek konpondu, eta, ondorioz, anbulantzietako beharginen lan baldintzak eta zerbitzua bera ez dira hobetu. Sindikatuak uste du horrek bistan uzten duela Osasun Sailak ez duela zerbitzuaren eta kontratu publikoaren gaineko jarraipenik eta kontrolik egin.

Gainera, ELAk salatu du bi enpresen zerbitzua garestitu egin dela: Bizkaian larrialdietakoa ez den garraio sanitarioaren urteko aurrekontua 19,2 milioi eurotik 27,6 milioira igo da, eta larrialdietakoa, 25,2 milioitik 35,5 milioira. Guztira, Bizkaian 28,8 milioi euro garestitu da zerbitzua. Gipuzkoan, berriz, zerbitzuaren kostua %25etik gora garestitu da azken hiru urteetan, eta Arabakoa iazkoa baino %80 handiagoa da, ELAren arabera.

Hori hala, ELAk uste du osasun garraioa publifikatzea dela kalitatezko zerbitzu «eraginkorra eta iraunkorra» ziurtatzeko modu bakarra, Nafarroan egin den bezala. Sindikatuak iragarri du Osasun Sailak neurririk hartu ezean mobilizazioei ekingo diela eta justiziara joko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.