aberri eguna

ELAk subiranisten gutxieneko akordioak lortzeko dei egin du, "erronka hori hauteskunde esparruekin nahastu" gabe

Aberri Eguneko agiria atera du sindikatuak, ospakizunerako deialdi jakinik egin gabe. "Aliantzak eratzerakoan kideen artean ezinbestekoa da indarrak bat egiteko borondatea, eta ez baztertzekoa".

2010eko martxoaren 30a
19:13
Entzun
"Estatu arrazoiari aurre egiteko" asmoz, ELAk dei argi bat egin du Aberri Egunaren bezperako agirian: gutxieneko akordioak lortu behar dira. "Subiranistentzako erronka oinarrizko gaietan (giza eskubideak, demokrazia, euskara, erabakitzeko eskubidea) minimo batzuk adostea da". Minimo horiek oraindik ere finkatu gabe daudela adierazi du.

Egiteko horretan zer egin behar ez den ere badio ELAk gaur plazaratutako agirian: hauteskudeak ez sartu tartean: "Erronka hori ezin da nahastu, ez da nahastu behar, zilegizkoa den hauteskunde esparruak lortzeko lehiarekin".

Eta gutxienekoak adosteko ahaleginean, zabaltasunez jokatzeko dei egin du Euskal Herriko sindikatu nagusiak. "Aliantzak eratzerakoan kideen artean ezinbestekoa da indarrak bat egiteko borondatea, eta ez baztertzekoa; aniztasuna bilatzeko zinezko ahalegina egin behar da. Horrekin batera, iraganeko jokabideak atzera utzi behar dira: erakundeak desegitea izan ohi zen asmoa, eta ez hainbeste erakunde horietako solaskide errealei dagokien indarra aitortu eta begirunez jokatzea". Ereduak zein diren ere aipatu ditu: Euskal Herriko Laborantza Ganbara edota Batera plataforma -biak Ipar Euskal Herrikoak-.

Horretarako guztirako, ELAk dio "metodo zibilak" besterik ez direla erabili behar, horiek "izango direlako borrokak gizartean legitimatzeko biderik egokienak". Hala, "begi onez" ikusi ditu "legez kanpo dagoen ezker abertzaleak" egindako eztabaidaren ondorioak; "bide zibilen aldeko alde bakarreko hautuak gure herrian itxaropena piztu du". ETAri berriro eskatu dio indarkeria eta mehatxua behin betiko uzteko.

Igande honetan izango da Aberri Eguna eta ELAk ez du ospakizunerako deialdi zehatzik egin. EAJk Bilborako dei egin du, Independentistak sareak Hendaia eta Irunerako -ezker abertzaleak, EAk, LABek eta GaztEHerriak bat egin dute-, eta Aralarrek eta ABk Urruñarako -larunbatean egingo dute ekitaldia-. "Ospakizun honen aurrean nabarmendu behar dugu gure herrian jende asko bat datorrela kontu batean: autogobernu maila handiagoa lortu beharra eta berme demokratikozko sistema bat lortzea, non proiektu politiko oro posible izango den", dio ELAk agirian.

Aurtengo Aberri Eguna ere krisi garaian izango dela gogoratu du, eta "krisi hori bete-betean gizartearen zati batek bakarrik pairatzen pairatzen du ia, langile-klaseak". Krisia eta beronen

eraginei aurre egiteko "ekintza sindikal, sozial eta politikoaren lehen esparrua borroka" dela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.