ELAren ustez, EAEko erakundeek irabaziak lehenesten dituzte gastu sozialaren gainetik

5.000 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke babes sozialera Europako Batasunarekin parekatzeko

Erredakzioa
2008ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan batez beste babes sozialera bideratzen den dirua Europako Batasunean bideratzen denaren azpitik dagoela deritzo ELAk. Hori dela eta, instituzioek urtero irabaziak izatea «eskandaluzkoa» dela uste du. «Behar sozialak babestu beharrean, nahiago dute zor publikoa kitatzea eta diru kopuru handiak bankuetan gordetzea», kritikatu zuen Mikel Novalek, ELA sindikatuko ikerketa kabineteko arduradunetako batek.

Eusko Jaurlaritzako eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien 2007ko aurrekontuak aztertu ditu ELAk, eta urtez urte irabaziak izatea gastu sozialari bideratzen zaion diruarekin bat ez datorrela adierazi du. Iaz 1.396 milioi euroko irabaziak izan zituzten aztertutako instituzioek. Kopuru hori aurreko urtean izandakoa baino %20,8 handiagoa dela dio ELAk, eta irabazia EAEko Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2,1 suposatzen duela. Datu hori argigarria dela uste du ELAk, Europako Batasuneko herrialdeek batez besteBPGren %1eko galerak baitituzte.

Irabazi publikoak azken urteetan «markak hautsi dituela» azaldu du sindikatuak, baina gizarte babesera bideratutako BPGren ehunekoa Europako Batasuneko herrialdeen batez bestekoaren azpitik dagoela salatu du. Hala, 2004an, EAEko BPGren %18,9 bideratu zen bitartean, Europako Batasunean batez beste BPGren%27,6 bideratu zen. Aldea %8,7 da. EAEko ehunekoa Europako Batasuneko txikietako bat dela dio ELAk.

ELAren ustez, 5.000 milioi euro gehiago bideratu beharko lirateke Europako kopuruekin parekatzeko eta alde horrekin bukatzeko. Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek irabaziak izan beharrean, Europako Batasunean dagoen batez besteko galera publikoa izan balute, eta alde hori gizarte babesera bideratu izan balute, egoera apur bat zuzenduko litzatekeela deritzo ELAk. Neurri horrekin 2.060 milioi euro gehiago bideratuko lirateke gizarte babesera, eta Europako Batasuneko eta EAEko batez bestekoen arteko aldea heren bat txikituko litzateke.



GABEZIA, ARLO GUZTIETAN. Europako Batasuneko batez bestekoarekin dagoen aldea gizarte babesaren arlo guztietan nabaritzen dela dio ELAk. Europako Batasuneko herrialdeek BPGren %11,3 bideratu zuten zahartzarora 2004an, etaEAEn %8,8. Ezberdintasuna beste alor batzuetan ere eman zen urte horretan: osasun laguntzetan, elbarritasunak direla-eta emandako laguntzetan, langabezian...

Alor horietan EBrekin alderatuta EAEn gabeziak dauden arren, EAEko instituzioen zerga politikaren berezitasunek diru gehien dutenei mesede egiten dietela adierazi du ELAk. Adibidez, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) eta sozietateen gaineko zergan egindako azken aldaketek urtean 430 milioi eurotik gorako galerak eragiten dituela salatu du ELAk. Dirutza horren zati handiena errenta handietara, enpresetara eta kapital errentetara doala dio sindikatuak.

Urtero gertatzen den superabita zerga murrizketa gehiago egiteko estaldura dela adierazi du ELAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.