Elbarritasunen bat duten pertsonek eragozpen handiak dituzte garraio publikoa erabiltzeko. Hala jaso du EAEko arartekoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako garraio publikoan ibiltzeko erraztasunari buruz aurkeztutako txostenean. «Oraindik ere asko dago egiteko eta hobetzeko alor horretan, eta ezinbestekoa da herri administrazioek parte hartzea», nabarmendu du Iñigo Lamarca arartekoak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %35ek mugitzeko arazoa dute, Lamarcak jakitera eman duenez. Elbarritasunen bat duten pertsonak ez ezik, 65 urtetik gorako herritarrak eta emakume haurdunak ere talde horretan sartzen dituzte.
Arartekoak egindako txostenaren arabera, trena da iristeko erraztasun ikuspegitik okerren prestatua dagoena; tranbia eta metroa, berriz, ondoenak. Dena den, horietan ere bada zer hobetu. Hala, traba fisikoak murritzagoak izan arren, gogorarazi du komunikazioari lotutakoak ez direla konpondu. Metroan, adibidez, neurriak hartzea proposatzen du itsuek nahiz gorrek autonomia osoz erabil dezaten.
1. Trena
Arartekoak aurkeztutako txostenaren arabera, trena da iristeko erraztasun aldetik okerren egokitua dagoena. Lamarcak nabarmendu du mugikortasuna mugatua duten pertsonentzat «ia iritsiezinezkoa» dela zerbitzu hori.Geltokien %78 iritsiezinezkoak dira elbarrientzat. Geltokien %83an, gainera, ez dute bermatua kaletik nasara doan bidea. «Hiriburuetako geltokietan trenera iristeko erraztasuna zertxobait hobea da herrietakoa baino», azaldu du Lamarcak. Hori ikusirik, maila bereko pasaguneak kentzeko plan bat egitea proposatu du, eta tren geltokietara sartzeko ateak automatizatzea.
2. Autobusa
Autobusa erabiltzeko orduan ere trabak agerikoak dira. Geltokietara iritsi nahiz haietan ibiltzeko zailtasunak dituzte elbarriek. Gainera, autobus guztiak ez daude egokituta pertsona horientzat. Ibilbide luzeko nahiz hiri artekoetan dago arazo gehien. «Espero dugu datorren urtetik aurrera aldatu egingo dela hori». Autobus zerbitzuak adjudikatzeko orduan horietara iristeko erraztasunari lotutako hainbat baldintza jarriko direla ziurtatu du Lamarcak.
3. Tranbia
Ibiltzeko erraztasunaren aldetik, Gasteizko eta Bilboko tranbia «erreferente» direla iritzi dio Lamarcak. «Oztoporik gabeko joan-etorriak bermatzen ditu tranbiak, eta horrek izugarri laguntzen du mugitzeko trabak dituzten pertsonen integrazio sozial eta kulturalean». Dena den, tranbia zerbitzuan ere oraindik badela zer hobetu gogorarazi du.
4. Bilboko metroa
Txostenean jaso duenez, nahiko zerbitzu ona eskaintzen du mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat; ez, ordea, entzumen edo ikusmen arazoak dituztenentzat. Hala, arazo horiek dituzten pertsonek zerbitzua beren kabuz erabili ahal izateko ekimenak abian jartzeko proposatzen du .
5. Aireportuak
Loiuko, Forondako eta Hondarribiko aireportuetan ibiltzeko erraztasunari lotutako baldintzak betetzen dituzte; beti ere, pertsona elbarriei norbaitek laguntzen badie. Baina komunikaziorako oztopoak sumatu dituzte. Horrek zaildu egiten du pertsona itsu nahiz gorrak beren kabuz ibili ahal izatea aireportuetan. Agerian geratzen dira, halaber, Hondarribiko eta Forondako aireportura iristeko garraioan dauden gabeziak.
6. Taxia
Biztanle kopurua kontuan hartuta, udalek mugitzeko trabak dituzten pertsonentzako taxi zerbitzua bermatu behar dute. «Udalerri askotan, ordea, ez da egiten. Ez dute zerbitzu hori eskaintzen edo bermatzen».
@Datozen egunetan mapa interaktibo bat jarriko du sarean Arartekoak. Garraio publikoa erabili aurretik izan daitezkeen trabak kontsultatu ahal izango dira bertan.
www.arartekoa.net
Elbarrientzat iritsiezinak dira EAEko tren geltokien %78
Arartekoak txosten bat egin du elbarriek garraio publikoa erabiltzeko dituzten trabak agerian uzteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu