Eleak-ek ohartarazi du «ohiko bihurtu diren erasoek» amaitu behar dutela

Auzitegi Nazionaleko bi epaiketatan sei lagun epaitu dituzte «terrorismoa goratzea» egotzita

Erredakzioa
Donostia
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Oinarrizko giza eskubideak ez ditu errespetatzen Espainiako Gobernuak, Eleak-en iritzian. Premiazkoa deritzo, ordea, haiek betetzeari, eta uste du «ohiko bihurtu diren eraso estrukturalak» salatu eta haien amaiera exijitu behar dela. Era berean, «lege bereziak» aplikatzeari uztea galdegin du. Egunotan Espainiako Auzitegi Nazionalean egitekoak diren epaiketek «Espainiako estatuaren kalitate demokratiko eskasa» erakusten dutela salatu du mugimendu horrek.

Atzo hasi zen Madrilen lau lagunen kontrako epaiketa, Txus Martin gaixo larri dagoen presoaren eskubideak errespetatzeko eskatzen zuten kartelak jartzeagatik. «Terrorismoa goratzea» egotzi die fiskalak, eta guztiei urtebeteko espetxe zigorra jartzeko eskatu dio epaimahaiari. Atzoko auzi saioan lau lagunek onartu egin zuten Basauriko (Bizkaia) jaietan kartel horiek jarri zituztela, baina gaineratu zuten ez zekitela «ezer txarra edo legez kanpokoa» egiten ari zirenik. Jakinarazi zuten beren asmoa Txus Martinen egoera salatzea zela; «injustizia» salatu nahi zutela.

Beste epaiketa bat ere egin zuten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. Laura Cantera eta Ibai Montealvaro epaitzen hasi ziren, 2010eko Portugaleteko jaietan pintaketa egin eta kartelak pegatzea egotzita. Terrorismoa goratzea egotzi die fiskalak, eta bakoitzarentzat urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu zuen. Beraiek halakorik ez zutela egin deklaratu zuten epaituek, eta jaietako arropekin jantzita zeudenez, beste batzuekin nahastuko zituztela. Galtza urdinak, alkandora zuria eta lepoko zapia jantzita zeudela azaldu zuten.

Ertzaintzaren jarrera ere kritikatu zuen epaiketan Carlos Bautista fiskalak. Bideokonferentziaz deklaratzen dutela salatu zuen, eta bertaraino joan beharko luketela, defentsaren lekukoek egin bezala. Gainera, gogora ekarri zuen haiek ez luketela gasturik ordaindu beharko, eta defentsaren lekukoek ordaindu egiten dutela.

Epaiketa horiek eta hilaren 18an Hernaniko 10 gazteren kontra hasiko den epaiketak erakusten dute, Eleak-en iritzian, «eskubideen sistema urratuz» jarraitzeko asmoa duela Espainiak, nazioarteko erakundeek norabidea aldatzeko aholkuak eman dizkion arren, eta «euskal gizartearen gehiengo zabalak konponbideen aldeko apustua egin duen arren».

Hala, epaituei eta epaituko dituztenei elkartasuna adierazi die Eleak mugimenduak, eta larunbatean 19:00etan Hernanin egingo den manifestaziorako deia egin dute: «Gizartearen presioa ezinbestekoa da egoera aldatzeko», dio mugimenduak, komunikabideetara bidalitako oharrean.

Urtebeteko zigorra

Bestalde, urtebeteko zigorra jarri die Iruñeko Auzitegiak bi laguni. Burlatako jaietan PPko bi zinegotziri mehatxu egitea egotzi die. Epaian idatzi dutenez, 2009ko jaietan herri bazkarian parte hartzen ari ziren PPko hainbat afiliatu. Haien inguruan «zalaparta» sortu zela, eta «denetariko objektuak» jaurti zizkietela ipintzen du. Gorka Etayo eta Fernando Jimenez erasotzaileen artean zirela ondorioztatu du epaileak, eta objektuak jaurtitzeaz gain, PPko bi zinegotzirengana gerturatu, eta «ETA, hil itzazu», «ETAk bonba bat jarriko dizue», «Lau egun gelditzen zaizkizue», «Hilda zaudete», eta «Auto azpian begiratu ezazue» esan zietela dio epaiak.

Ondorio horretara iristeko «oinarrizko kargu froga» biktimen deklarazioa dela ere jaso du epaileak. Epaituek «gutxi gorabehera esplizituki onartu zuten», epaiaren arabera, han zirela. Baina mehatxurik ez zutela egin deklaratu zutela onartu arren, zigortu egin ditu.

Londresen, berriz, Westminsterreko Auzitegian deklaratu zuen atzo Kemen Urangak, bideokonferentziaz. Urriaren 5ean berriz deklaratu beharko du epaimahaiaren aurrean. Abuztuan atxilotu zuten Uranga Londresen , Espainiako Auzitegi Nazionalaren estradizio eskaera bat tarteko. Orain, estradizio hori onartu edo ez erabakitzen ari dira auzitegi horretan. Hori erabakitzeko epaiketa azaroaren 13an egingo dute. Preso dago bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.