“Orain arte normaltzat hartzen genituen egoerak aldatzea izan da herri borroka honen lorpen nagusia”. Igandeko herri harresiaren zein oro har Euskal Herri osoan orain arte dinamika horrek izan duen bilakaerari buruzko gogoeta egin du Zigor Olabarriak Eleak-eko eledunak gaur eguerdian.
Haren ustez, orain dela bi urte eskas Luis Goñi “ziurrenik bere kabuz joango zen espetxera, edo Poliziak atxilotuko zuen, anonimotasunean eta lekukorik gabe”. Igandean, ordea, “irudi gogoangarri bat" lortu zela nabarmendu du. “18:30ean, Luis Goñi komunikabidez inguratuta prentsaurrekoa eman zuen, estatuak ordurako terrorista izendatu eta Polizia atzetik zuela. Gutako milaka pertsonaz inguratuta zegoen, eta denok prest geunden gure gorputzekin babesteko eta atxilotzea eragozteko. Hori da pixkanaka orokortzen ari garen normaltasun berria”.
Olabarriaren arabera, bide horrek hainbat osagai ditu, baina igandeko harresiari begira uztartzen diren bi elementu nabarmendu ditu: batetik, ehunka herritar prest egotea desobedientzia praktikatzeko eta jazarpen baten ondorioak pairatzeko; bestetik, gizarte babes sare “oso zabala egituratzea eta ikusaraztea”. Gaineratu du sare horrek egiten duela posible desobedientziaren praktika.
Olabarriak azpimarratu du “normaltasun hori orokortzen” jarraitu behar dutela, gero eta babes handiagoa eta desobedientzia handiagoa lortuz, “harresi zulakaitza” lortu arte. “Helburua galdu gabe, salbuespen politika anker hauekin amaitzea behingoz”.
Herri harresiaren antolatzaileen izenean, Maider Caminosek gogora ekarri du lau hilabeteko lana izan dela eta hari esker Luis Goñi eta Xabier Sagardoiren kontrako bidegabekeria Nafarroari ezagutaraztea lortu dutela. Gogora ekarri du lau hilabeteotan hainbat prentsaurreko egiteagatik 6.000 euroko isunak jarri dizkietela, eta, era berean, igandeko poliziaren esku hartzeak “hamarnaka zauritu” eragin zituela gaitzetsi du.
Caminosen esanetan, atxilotua izan ostean, Luis Goñi osasun etxe batera eraman zuten zauriak artatzera. Ondo dagoela azaldu du. Orain, Iruñeko espetxean daukate, bakarturik.