Hizkuntza eskubideak 2011n baino gehiago urratu ziren 2012an, Elebiden jasotako kexek adierazten dutenez. 340 ohartarazpen jaso zituen Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu horrek iaz; 2011n baino %15 gehiago.
Datu horiek aztergai izan ditu gaur Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak. Kexen erdiak (%49) webgunearen bidez jaso zituen Elebidek, eta %95ek euskaraz egin zuten protesta. Kexa gehienetan (%92) hizkuntza eskubideen urraketak salatu zituzten herritarrek; gainontzean, hemezortzi kontsulta, zazpi iradokizun eta bi eskaera jaso zituen hizkuntza eskubideak ziurtatzeko zerbitzuak.
Bi izan dira kexa bat aurkezteko arrazoi nagusiak: administrazioarekin idatziz nahiz ahoz hizkuntza batean harremanetan jartzeko modurik ez izatea eta seinale ugaritan akatsak topatzea. 298 kasutik 292tan, salatu zuten euskara erabiltzeko eskubidea urratu zitzaiela; aldiz, sei kexatu ziren gaztelania erabiltzeko modurik ez zutelako izan.