Atzo aurkeztu zuten azterketa Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Patxi Goenaga Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Miren Mateo Hizkuntza Politikarako Koordinaziorako zuzendariak. Aurkeztutako mapa hirugarrena da, 2001eko erroldan oinarrituta egindakoa. III. Mapa Soziolinguistikoak gaur egun (2001ean) euskararen egoera nolakoa den azaltzeaz gain, 20 urteotako ibilbidea egiten du (1981-2001). Horretarako, erroldan zuzenean jasotako hiru aldagaiez gain (hizkuntza-gaitasuna, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera), Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak landutako bi indize aztertu dira: hizkuntza bilakaeraren tipologia (BILA indizea) eta etxeko erabileraren tipologia (ERABIL indizea). Miren Azkaratek jakinarazi zuenez, lan honek bigarren zatia izango du aurki: familia bidezko transmisioaren azterketa. Emaitzak lurraldeka, eskualdeka eta udalerrika ematen dira eta 10.000 biztanletik gorako udalerrietan, auzoka ere bai. Adina ere kontua izan da, eta, datuak bost urtekako adin-taldeetan eman dira. Emaitzen lehen begiratuan, begi-bistakoa da euskararen ezagutza handitu egin dela azken urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 1981ean euskaldunak bostetik bat ziren, eta herena 2001ean. Gaur egun, beraz, EAEko biztanleen %32,2 (639.296 herritar) elebidunak dira euskaraz ondo edo nahiko ondo hitz egiten dutenak; %18,2 (361.006) elebidun hartzaileak dira nekez hitz egin baina ondo ulertzen dutenak eta gainerako %49,6 (984.656) erdaldun elebakarrak dira. Azterketaren arabera, 20 urteotan euskarara 200.000 hiztun potentzial etorri dira. Elebidun gehikuntza, orokorra izan da. Izan ere, hiru lurraldeetan gertatu da eta adin-talde guztietan, 65 urtetik gorakoen taldean izan ezik. Elebidunak nagusi dira 25 urtetik beherako gazteen artean. Euskarak aurrera egitearekin batera, elebidun eredu berriaren ezaugarriak ere finkatzen ari direla adierazi zuen Azkaratek. Ez da lehen bezala landa eremukoa, eta, bestalde, euskaldun berri horren familia eta gizarte ingurunea ez da euskalduna. Izan ere, elebidun gehienak (%66,3) hirietan bizi dira, batez ere hiru hiriburuetako metropoli-guneetan eta EAEko errepide sare nagusietan lerratzen diren 10.000 biztanletik gorako udaletan. Beraz, elebidun gehienak populazio-dentsitate handieneko guneetan bizi da, hain zuzen erdaldun elebakarren ehunekoa oso altua den tokietan eta euskararen erabilera bermatu ez dagoen tokietan.
Elebidunen ia erdiak gazteak dira
Mapak utzitako beste ondorioetako bat da EAEko elebidunen ia erdiak (%47,6) 30 urtetik beherako gazteak direla. Horixe da elebidunen taldearen beste ezaugarrietako bat. Gainera, Azkarateren esanetan, gazte elebidunen artean ere aldaketak ematen ari dira: «Elebidunen kolektiboa oro har, baina bereziki gazte elebidunena, errotik aldatzen ari da. Euskaldun zaharrak, hau da, lehen hizkuntza euskara izan duten elebidunak nagusi dira oraindik, baina gero eta pisu txikiagoa dute elebidun guztiekiko. Aldiz, euskaldun berriak, euskara eskolan ikasi dutenak, gero eta gehiago dira bai kopuru absolutuetan baita ehunekoetan ere». Bere esanetan, gazte elebidun gehienen familia ingurunea eta harreman ingurunea erabat erdalduna da: «Beren familietan inork ez daki euskaraz, eta, populazio-dentsitate handiko metropoli-gune oso erdaldunetan bizi dira» .
Elebidunen ezaugarri berri horiek euskararen erabilera «erabat» baldintzatzen dutela azpimarratu zuen Azkaratek, eta, bereziki etxeko erabilera. Datuek erakutsi duten bezala, euskaldunen dentsitatea erabakigarria da etxean euskara erabiltzeko. Izan ere, nahikoa da etxeko kide batek euskaraz ez jakitea erabilerak oso behera egiteko. Etxean euskaraz mintzatzen diren euskaldun berriak %2 baino gutxiago dira eta gaztelaniarekin batera mintzatzen direnak %17. Horregatik, Azkarateren esanetan, elebidunentzat euskara ohiko tresna izatea da helburua. Horretarako elebidunek euskaraz erraz, trebe eta naturaltasun osoz hitz egitea ezinbestekoa dela iritzi zion, «etxean ez ezik gainerako esparruetan ere maizago erabiltzeko». «Beharrezkoa da elebidunei aukerak eskaintzea euskaraz jardun dezaten. Jomuga hori izanik, jarduera, zerbitzu eta produktu atsegin gehiago euskaraz eskainiz gero, baliteke kontsumitzaile eta erabiltzaileen ohiturak aldatzea, eta, horren ondorioz, euskaraz mintzatzea ohiko izatea eguneroko jardueretan». Euskara Biziberritzeko Planak helburu hori duela nabarmendu zuen.Euskarak urteotan erakarri dituen hiztun berriak gerora ere hizkuntzari lotzea. Horra hor gakoa eta erantzukizuna.
hizkuntza gaitasuna
Soilik biztanleen heren batek egiten du euskaraz
a.s. - DONOSTIA
Atzo aurkeztutako EAEko III. Mapa Soziolinguistikoak euskararen ezagutzari buruzko datu eta azalpen ugari ematen ditu. Hona hemen horietako batzuk:
-gaur egungo egoera: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost urtetik gorako biztanleriaren ia erdia (%49,6) erdaldun elebakarrak dira, hau da, euskaraz hitz egiten ez dutenak; elebidunak, berriz, ia herenak dira (%32,2), hau da, euskaraz ondo hitz egiten dutenak; eta, gainerakoak (%18,2), elebidun hartzaileak dira, hots, euskaraz nekez hitz egin baina ondo ulertzen dutenak.
-bilakaera: EAEn 1981etik 2001era elebidunen ehunekoa %22 izatetik %32 izatera iritsi da. Beste era batera esanda, 1981ean 431.136 euskaldun zeuden eta 2001ean 639.296; hau da, 20 urtean, lehen baino 200.000 lagun gehiagok egin dezakete euskaraz. Hiru herrialdeetan handitu egin da etengabe elebidunen kopurua: Araban, %4 izatetik %16 izatera iritsi da; Bizkaian, %15 izatetik %25era; eta, Gipuzkoan %40tik %51,5era. Elebidun hartzaileen kopurua ere nabarmen handitu da, Gipuzkoan izan ezik. Udal gehienetan gertatu da, neurri handiagoan edo txikiagoan, elebidunen ehunekoa gehitzea. Hiriburuetan, nabarmen igo da: Gasteizen, esaterako, ia bost aldiz handitu da euskaldunen kopurua: 1981ean %3,5 ziren, 1991ean %7,6, eta, 2001ean, %14,7.
Bilakaera adinaren arabera aztertua, orain 20 urte zaharren artekoa zen adin talderik euskaldunena, 2001eko erroldaren arabera, berriz, gazteenak dira euskaldunenak. 25 urte baino gazteagoak direnen artean, euskaldunak erdaldun elebakarrak baino gehiago dira. 1981ean euskaldunak %19,3 ziren eta 2001ean, aldiz, %55,5.
-egungo egoera herrialdeen arabera: Alde handiak daude lurraldeen arabera. Araban eta Bizkaian batez bestean baino elebidun gutxiago dago, %16 eta %24,8 hurrenez hurren, eta askoz gehiago dira erdaldun elebakarrak. Araban %64,3k ez daki euskaraz. Gipuzkoari dagokionez, banaketa oso bestelakoa da. Biztanleen erdiak (%51,5) euskaldunak dira eta elebidun hartzaileen eta erdaldun elebakarrak askoz gutxiago dira: %14,9 eta %33,6 hurrenez hurren. Orokorrean, Gipuzkoako eskualdeak eta Bizkaiko ipar-ekialdeko eskualdeak dira euskaldun portzentajerik handienetakoak. Beste muturrean daude ia Araba osoa eta Bizkaiko mendebaldea: erdaldun elebakarren portzentaje handiak dituzte.
Hiriburuetako elebidunen kopurua handia da: Gasteizen, Bilbon eta Donostian elebidunen %20 baino zertxobait gehiago bizi dira. Esparru hori 20.000 biztanletik gorako guneetara zabalduz gero (17 udal, guztira), ehuneko %42,7koa da.
-egungo egoera adinaren arabera: Gazteen taldeetan elebidunak nagusi dira: taldearen %50 baino gehiago elebidunak direnak, 5-19 urte artekoen taldeak dira (5-9, 10-14 eta 15-19). Taldekoen adina zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da ehunekoa. EAEko elebidunen ia erdiak (%47,6) adin talde horietan daude.
hizkuntzaren bilakaera, 'bila' indizearen arabera
20 urteotan euskarak oso galera txikiak izan ditu
a.s. - DONOSTIA
BILA indizea, hizkuntza-gaitasuna eta lehen hizkuntza aldagaiak gurutzatuta lortzen den tipologizazioa da. Zazpi taldek osatzen dute tipologia, norbanakoaren hizkuntza garapenak izan ditzakeen aukera islatzen dituztenak. Taldeak ezartzen dira hiztunak euskaraz zein mailatan dakien kontuan hartuta, eta beste irizpide bat da ea hiztun horrek euskara izan zuen, bakarrik edo gaztelaniarekin batera, lehen hizkuntza.
Tipologia horren arabera, euskaldun zaharrak %18,8 dira; jatorrizko elebidunak eta euskaldun berriak %13,8; partzialki euskaldun berriak %14,3; partzialki erdaldundu direnak %1,6 eta guztiz erdaldunduak %0,5. Erdaldun zaharren kopurua, berriz, %49,1ekoa da. Beraz, oro har, esan daiteke 20 urte hauetan euskarak oso galera txikiak izan dituela, irabaziak, berriz, gero eta handiagoak direla. Kopuru absolutuetan emanez gero, galera guztira, 40.000 lagun pasatxo ziren 2001ean (41.689) eta hiztun berriak, berriz, 200.000 baino gehiago (215.220). Ama hizkuntza euskara duten ia euskaldun guztiek hizkuntza gordetzen duten bitartean, gero eta gehiago dira ama-hizkuntza gaztelania izanik euskara ikasten dutenak.
euskararen erabilera etxean, 'erabil' indizearen arabera
Euskaldun berri gehienek gaztelaniaz egiten dute
a.s. - DONOSTIA
ERABIL indizea lortu da BILA indizea gurutzatu ondoren, etxeko hizkuntza adierazten duen aldagaiarekin. Gurutzaketa horren emaitzak erakusten du BILA indizeko taldeek zein hizkuntza darabilten etxean, alegia, ea talde horiek euskaraz jarduten duten etxean.
Hala, euskaldun zaharren taldean (biztanleriaren %18,5) daude euskal aktibo ia guztiak, hau da, populazioaren %13. Jatorrizko euskaldunetan nagusi dira bi hizkuntzetan jarduten dutenak. Euskaldun berrien artean (populazioaren %10,8), euskaldun pasiboak %84,1 dira, bietan aktiboak %11, 9 eta euskaldun aktiboak, berriz, %4 besterik ez. Hala, emaitzek garbi erakutsi dute euskaldun berri gehienek gaztelania baino ez dutela etxean erabiltzen, euren etxeetan oso txikia delako elebidunen dentsitatea, eta, oro har, trebeagoak direlako gaztelaniaz, eta errazago egiten zaie.Adinaren arabera, etxean euskara erabili ohi duten ia hiztun guztiak euskaldun zaharren taldekoak dira. Portzentajerik handiena 65 urtetik gorakoen artean dago; adin horretatik behera, jaitsi egiten da etxean batez ere euskaraz hitz egiten dutenen ehunekoa. 30-34 urtekoek erabiltzen dute gutxien.