8 apellidos vascos filmaren arrakasta ezin sinetsirik dabil filmeko euskal protagonista: Karra Elejalde (Gasteiz, 1960). Jendearen erreakzioa azaltzeko ez du erantzunik.
Jendetza eraman duzue zinemara. Kontent egonen zarete.
Hau izugarria da, ez genuen inondik inora espero. Egia esanen dut: komedia grabatzerakoan taldekideak arrotzak eta profesionalak dira, baina ikusi genuen barrez lehertzen zirela. Beraz, ongi ari ginela pentsatu genuen.
Era berean, pertsona batzuen erantzunak harritu gaitu. Jendeak ez dagoena ikusten du. Ni marxismoaren eta kraziaren artean ibiltzen naiz, eta kontu handiz ibiltzen naiz proiektu batean sartzerakoan, ez dudalako nahi jendeak nire izaerarekin nahastu dadin. Gure aldetik, topiko gorrotagarriz inguraturiko gauza bat baino ez genuen egin nahi. Ikusi ditut Euskadin gutxi jan eta bizkarrean jotzen ez dutenak, bai. Niri topikoek bost.
Zure doinua ez dela euskaldunarena diote batzuek.
Nik egiten dudan doinua Gatzagakoa da, hangoa baitzen nire aita. Berak ez zuen gazteleraz ongi egiten, eta herriko guztiek oso antzera hitz egiten dute.
Vaya Semanita eredua ez da amaitu oraindik?
Seguruenik ez. San Miguel eta Kobeaga Vaya Semanita saioko gidoilariak izan dira. Hala ere, interpretazioari dagokionez, guk naturalismoa egiten dugu. Haiek, berriz, gehiegikeriazko interpretazioa. Baina, egia da gag eta egoerek antza dutela.
Fenomeno soziologiko bihurtu da filma.
Ez dakit. Nire aitak esan ohi zuen: «Barrabilak ikusita, arra». Baina kasu honetan nik barrabilei toki guztietatik begiratu diet, eta ez dut ulertzen. Batzuek diote jendea kezkaturik dabilela, eta irri egin beharra duela, baina beti izan du behar hori. Ez da izugarrizko filma aurrekontuari dagokionez, solasak ez dira nahasiak, ez dago plano arrarorik... Hau ez da ez Truffaut ez Tavernier, soilik komedia bat da.
Zerk lagundu du arrakastan?
Uste dut zuzendariaren esku ona dagoela tarteko: lau aktore trebe, gidoi itsaskorra eta ongi harilkatutako egoera korapilatsuak. Baina halako gauzak askotan egin ditugu, eta ez da halakorik gertatu. Ez dakit zer pasatzen den, baina gauza bat gertatzen da, arrakasta du, Beatles deitzen dute, eta bat-batean guziek Beatlesak maite dituzte besteek baino hobekiago edo makurrago egin arren. Ez dago formularik. Are, oraindik ere kontent jartzen naiz pertsonaia batekin asmatzean, proiektu ororen hastapenetan dardarka egoten bainaiz.