Espainiako aurrekontuak

Elektoralismoz jokatzea eta "sorgor" izatea egotzi diote EAJk eta Amaiurrek Madrili

Aurrekontu proiektuari aurkeztutako zuzenketa guztiak atzera bota ditu Espainiako Kongresuak. Geroa Baik aurpegiratu dio Nafarroa dela baliabide gutxien jasotzen dituen bigarren erkidegoa. Espainiako aurrekontu orokorrei buruzko eztabaida egiten ari dira Kongresuan. UPNk oposizioko beste taldeak kritikatu ditu.

Pedro Azpiazu EAJko diputatua gaur Kongresuan. EMILIO NARANJO, EFE
2015eko abuztuaren 26a
09:20
Entzun

Espainiako Ogasun ministro Cristobal Montororen jarrera gaitzetsi du EAJk Espainiako Kongresuan duen eledun Pedro Azpiazuk, eta "sinplekeriaz" aritzea eta "pozoitutako leloak" erabiltzea egotzi dio. Azpiazuren esanetan, Espainiako aurrekontuak abuztuan aurkezteak kolokan jartzen ditu aurreikuspenak, ez baitago horiek bermatzeko "nahikoa informaziorik". Horiek hala, "aurreikuspen elektoralistak" egitea leporatu dio ordezkari jeltzaleak Madrili: "Oinarririk gabeak, eta zalantzazkoak dira aurreikuspenok. Produktibitate eta soldata baxuak aurreikusten dituzte eta, hala ere, ez dute lortuko langabezia %20tik jaistea".

Azpiazurekin bat etorri da Geroa Baiko diputatu Bixente Serrano Izko ere, eta zentzugabekeriatzat jo du aurrekontuak hauteskundeen atarian onartu nahi izatea. Nabarmendu du, gainera, Nafarroa dela Madriletik baliabide gutxien jasotzen dituen bigarren erkidegoa.

Amaiurreko diputatu Rafa Larreinak arazoak konpontzeko gai ez izatea egotzi dio Montorori. Haren esanetan, aurrekontuak alde batera utzi dituzte bai egungo "arazo nagusiak", langabezia eta berdintasunik eza, eta baita "Euskal Herriko errealitatea" ere. "Gobernua benetan azkarra da enpresa eta kapital handien beharrizanak asetzeko garaian; aldiz, izugarri motela eta sorgorra gehien behar dutenei laguntzeko garaian".

UPNren babesarekin onartu dituzte

Azken lau urteotan egoera ekonomikoak hobera egin duela argudiatuz babestu ditu UPNk Mariano Rajoyren gobernuak aurkeztutako aurrekontuak. Eta haren babesarekin bota dituzte atzera oposizioko gainontzeko hamabi taldeek aurkeztutako osoko zuzenketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.