Elektropoluzioa Madrilek soilik arautzea salatu dute

Abokatuen ustez, kutsadura maila «laxoak» ezarri ditu Espainiako Gobernuak

Erredakzioa
Bilbo
2012ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Kutsadura elektromagnetikoaren maila ezartzeko eskumena Espainiako Gobernuarena soilik izatea gaitzetsi zuen atzo Alfonso Terceñok, Bizkaiko Abokatuen Elkargoko ingurumen taldeko arduradunak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berriki hartutako erabaki hori aztertu zuten atzo, Bilbon eginiko jardunaldi batzuetan. Ebazpena txartzat jo zuten, batetik, Madrilek emisio maila «permisiboak» ezarri dituelakoan, eta bestetik, maila zorrotzagoak zituzten autonomia erkidegoetako edo udaletako neurriak baliogabe ditzakeelakoan. «Kutsadura elektromagnetikoari dagokionez, Espainia hirugarren munduko herrien parean dago», esan du Terceñok.

Gehienez 450 mikrowatteko maila ezarri du Espainiako Gobernuak, sakelako telefonoen uhinen alorrean (GSM). «Atzerapausoa» da, Terceñoren hitzetan, «ekimen aitzindari batzuk bertan behera utziko dituelako». Katalunia jarri du horren adibide, hamar mikrowattean ezarri baitzuen GSM muga.

Abokatuak erantsi du muga altu horiek herritarren defentsa oztopatuko dutela. Telefonoen antenak dira, hain justu, kezka iturri nagusia, mugikorren erabilera orokortu eta antena gehiago jarri zituztenetik. Uhinek osasunean izan dezaketen kaltea oso eztabaidatua den arren, Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du minbizia eragin dezaketela; kablea lehenesteko eskatu du.

Terceñok uste du «zaila» izango dela epaiketarik irabaztea, antenek ez dituztelako muga altuok gaindituko, baina antenok instalatzearen aurka jardun daitekeela azaldu du, bizilagun guztiak horretan ados badaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.