Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea aska dezaten eskatzeko manifestazioan bete egin dira Elgoibarko kaleak gaur (Gipuzkoa). 17:30ean hasi da manifestazioa herriko plazatik, eta jende ezagun asko izan da, besteak beste, Jone Goirizelaia, Karmelo Landa, Niko Moreno eta Tasio Erkizia ezker abertzalekoak, Peio Urizar eta Rafa Larreina Eusko Alkartasunakoak, Oskar Matute Alternatibakoa eta Asier Iturriagaetxeberria Aralarrekoa.
Bi pankarta eraman dituzte Arnaldo Askatu Politika Askatu plataformakoek manifestazio buruan: Arnaldo askatu, politika askatu zioena bat, eta Euskal Herriak politika egiteko eskubidea zioena bestea. Politikariez gain, beste arlo batzuetako jendeak ere parte hartu du; horien artean ziren Fermin Muguruza kantaria, Hasier Etxeberria idazlea eta Antoni Batista La Vanguardia Kataluniako egunkariko kazetaria.
Arnaldo Askatu, Politika Askatu plataformak deitu du manifestatzera, Otegi arrazoi politikoengatik dutela kartzelan salatzeko. "Arnaldo espetxean egoteko arrazoiak politikoak dira. Denok dakigu bahitu politikoa dela. Arnaldok kalean behar du ilusioz betetako aro berri honetan, bere esku hartzea beharrezkoa dugulako aurrera eman nahi ditugun pausoetan", esan zuten antolatzaileek deialdia egiterakoan.