Elgoibarren ustez sexu eraso saioak egin zituzten bi gazteak aske utzi ditu epaileak

2013ko urtarrilaren 7a
21:18
Entzun

Igande goizaldean bi sexu eraso egiten saiatu ziren beste horrenbeste gizonezko Elgoibarren, Gipuzkoan. Atxilotu egin zituzten udaltzainek. Epailearen aurrean deklaratu, eta karguekin baina aske utzi ditu gaur, epaiketa egin artean.

Gaur iluntzeko zortzietan elkarretaratzea egin dute, Elgoibarko Kalegoen plazan, erasoak salatzeko. Elgoibarko Emakumeen Asanbladak eta Haizea Emakume Taldeak antolatu dute protesta, eta bat egin du udalak. Dozenaka lagunek bat egin dute plazan, emakumeen aurkako indarkeria guztiei "aski da" esateko.

Usteko bi erasotzaileek 19 urte dituzte. Goizaldeko laurak aldera jazo ziren bi eraso saioak, baina pertsona ezberdinek egin zituztela azaldu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

Igandean, 04:15 aldean, Emakume gazte batek, etxera zihoala, gizonezko bat sumatu zuen atzetik. Lasterka hasi eta etxeko atarira iritsi zen. Gizonak jarraitu eta bertan sexu erasoa egiten saiatu zen. Etxekoei hots egitea lortu zuen neskak, ordea, eta haiek jaitsi zirenean uxatu zuten erasotzailea.

Pertsona bera izan zen, ustez, geroagoa beste bi neska erasotzen saiatu zena, Elgoibarko udaltzainen esanetan. Atari batean babestu ziren neskak, eta udaltzainek lagundurik joan ziren etxera. Salaketak jasota, 05:30 aldean atzeman zuten ustezko erasotzailea udaltzainek, tren geltokiaren inguruan.

04:30 aldean jazo zen beste eraso saiakera. Tabakoa erostera kalera irten, eta lapurtu eta ia sexu eraso bat egin ziotela salatu zien, ordu horretan, andre batek ertzainei, telefonoz. Hiru gizonezko oldartu zitzaizkiola, lapurtu eta haietako batek erasoa egin nahi izan ziola adierazi du Segurtasun Sailak. Osasun etxe batera eraman zuten andrazkoa.

Goizeko zortzirak aldera atzeman zuten ustezko erasotzailea, 19 urteko gazte bat. Udaltzainek harrapatu zuten, eta ertzainen esku utzi.

Donostian, bi gazte espetxeratu dituzte

Beste hiru gazte, 18, 19 eta 20 urtekoak, ere atxilotu ditu Ertzaintzak asteburuan. Urtezahar gauean neska adingabe bat, 17 urtekoa, bortxatzea leporatzen diete. Donostiako Egia auzoan, diskoteka batean, zen neska; gizonezko batekin irten zen kalera, eta han beste bi batu zitzaizkien. Apartaturiko leku batera eraman, eta sexu erasoa egin zioten han, Segurtasun Sailaren hitzetan.

Ertzaintzak ikerketa hasi zuen, eta joan den ostiralean atzeman zituzten ustezko erasotzaileak, Donostian bertan. Gaur epailearen aurrera eraman dituzte atxilotuak. 18 eta 20 urteko akusatuak espetxeratzeko agindu du epaileak, eta hirugarren atxilotua aske uzteko agindu du. Ez dute jakinarazi bestelako neurririk ezarri dion aske utzitako gazteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.