Zalantza eta ezinegona baziren, eta Espainiako gobernu berriaren asmoek ondoeza eragin dute hezkuntzan ari diren eragileen artean. Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroaren proposamenak ez dituzte begi onez hartu Euskal Herriko eragile gehien-gehienek. Espainiako eskuinaren nahiak ikusi dituzte eskarien atzean: batetik, elitismoa sustatzea, ikasleak lehenago bereiziko dituztelako DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza laburtuta; bestetik, eskolak espainiartu nahia, Heziketa Zibiko eta Konstituzionala irakasgaia ezarrita. PPk egingo duenaz ezkor daude.
Erreformak egiten berehala hasi nahi du PPko gobernuak. Herenegun azaldu zituen egitasmo zehatzak Wert Hezkuntza ministroak Espainiako Kongresuan; atzo epea jarri zuen horiek indarrean jartzeko: «Uste dut arrazoizko helburua dela 2013-2014ko ikasturtean martxan jartzea». Aitortu du, hala ere, tramiteak pasatu behar dituela asmoak: lege organiko baten bidez egin beharko dituzte aldaketak —horregatik izango dute eragina Hego Euskal Herrian—, eta Kongresutik igaro beharko du planak; PPk gehiengoa du, eta ziurtaturik dauka babesa. Nolanahi ere, elkarrizketa hitzeman du ministroak: «Asko hitz egin beharko da hezkuntza komunitatearekin, ikusten dituen arazoei eta zailtasunei buruz».
Bai baitaki ezinegona handia dela ikastetxeetan. Epe motzera, antolaketa dute gogoan eskoletako arduradunek. Imanol Igeregi, Ikastolen Elkarteko presidentea: «Badaude institutu batzuk soilik DBH ematen dutenak. Lau urte beharrean hiru baldin baditu, sobran geratuko dira irakasleak». LH Lanbide Heziketako institutuetan, kontrakoa: «Beharko dira baliabide gehiago, eta ikasketa planak berriro egin beharko dira, noiz eta egin berri zeudenean». PPk abiatutako plana honela deskribatu du Igeregik: «Inprobisazio hutsa da, eta baztertzailea».
Oinarrizko aldia, laburragoa
Batxilergoa DBHren bizkar luzatzea ez dute ondo hartu eragileek. Gurasoen elkarteak agertu dira irmoen. «Banaketa egiteko arriskua dago: onak Batxilergora bideratu nahi dituzte, eta txarrak, Lanbide Heziketara», salatu du Lurdes Imazek, EHIGE gurasoen elkarteko koordinatzaileak. Hori uste du Nafarroako Herrikoa gurasoen elkarteko presidente Santiago Alvarezek ere. «Eskola porrota murrizteko neurri gisa aurkeztu dute. Baina, hara, porrota gutxitzeko Lehen Hezkuntzan hasi behar da lanean, ez DBHn».
Erantzun du ministroak: «Nerabezaroan daude 4. DBHn, une zailean, eta, batzuentzat ez denez aldi arrakastatsua izan, interesik ez du sortzen». Ikasten segitzea nahi dute Batxilergoan edo LHn hasi behintzat egitera behartuta.
Espainiako eskola uzte goiztiarra eta porrota ditu gogoan Wert ministroak: hamarretik hiruk egiten dute porrot, Europako bikoitzak. Bestelakoa da, ordea, Hego Euskal Herriko egoera. Eskola uzte goiztiarra: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, DBHren ostean ikasleen %12,6k uzten dute eskola; Nafarroan, 16,8k. Hamarkadako datu onena da azkenekoa. Krisiak izan du eragina horretan, lanposturik ezean gero eta gutxiagok uzten baitituzte goiz ikasketak.
«Neurriek ez diote erantzuten gure errealitateari», esan du EILAS sindikatuko eledun Josean Buenok. «Bereizkeria handitzeko besterik ez du balioko. 4. DBH lehen ere bada desberdina, ikasle bakoitzak hartutako bidearen arabera». Eragileek uste dute nota onak dituztenak babestu nahi dituela Madrilek, eta besteak bazterrean utzi. «Bikaintasunaz» eta «erdipurdikokeria baztertzeaz» aritu zen Wert ministroa herenegun: «Beharra dutenei lagundu behar zaie, baina ezin da ahaztu oso onak direnei laguntzeaz ere».
Ikastetxeen sailkapena
Bereizketa ikastetxeen artean ere egin asmo du Wertek. Azterketa «nazional» bat egin nahi du, eta emaitzak jakinarazi eskolaz eskola. «Eredu hori Madrilen badute, eta zerikusi gutxi du hemengo ebaluazio sistemarekin», azaldu du Buenok. Lehen ere egiten dituzte probak, maila jakiteko eta egoera hobetzeko. Besterik da Wertek buruan duena: ikastetxeen sailkapenak egin nahi ditu, ikasleen emaitzen araberakoak.
«Rankingekin ez gaude ados. Lehia sortuko dute ikastetxeen artean. Ebaluazioak tresna izan behar du, ez helburua», adierazi du EILASeko ordezkariak. Imazek nabarmendu du eskolak ezin direla konparatu besterik gabe, aintzat hartu behar dela batzuen eta besteen egoera. «Ez litzateke izango berdinen arteko konparazioa». Eta, gurasoen iritziz, eskola guztiek behar dute kalitatea. Alvarez: «Eskolen arteko lehiak ekarriko du batzuetan eskari asko izatea eta besteetan gutxi. Bikaintasuna berdintasunaren aurka jarri nahi dute. Guk uste dugu eskola guztiek izan behar dituztela biak. Kalitatea izan behar dute».
Igeregi ez dago erabat planaren aurka: «Rankingen alde ez nago, baina bai azterketak egin eta emaitzak jakinaraztearen alde. Ebaluazioak egitearen eta gardentasunaren aldekoak gara. Egoera hobetzeko bidea dira».
Beste ate bat ere zabalduko du, ordea, Werten azterketa «nazionalak». Herenegun bertan esan zuen Kongresuan: «Jakin nahi dugu zer ikasten duten eskoletan, eta zer ez». Edukiak ematen direla kontrolatzeko aukera izango du Espainiako Gobernuak. «Amaierako azterketa zen haren bidetik ari da PP oraingo erreformarekin», dio Igeregik. «Ikusiko dugu zer egiten duten, baina matxinoak zentzatzeko erabil dezakete». Hara, etzi dira hamar urte PPk Batxilergo amaierako azterketa ezarri zuela. Titulua lortzeko, proba hori gainditzea jarri zuen nahitaezko; PSOEk kendu egin zuen. Alvarezek ere uste du «kontrolatu nahia» duela PPk, eta eskolek askatasuna behar dutela esan du.
Eragile gehienak irmo agertu dira Werten asmoen aurka, baina ez guztiak. Nafarroako eskola erlijiosoen elkartea «xehetasunen zain» dago. «Egin nahi dutenaren zentzua ulertzen da; gakoa da nola egiten duten», dio Iñaki Iraizoz ordezkariak. Kristau Eskoletan galdera eginda, ez da erantzunik.
«Doktrinarik gabe»
Elizaren eskari bati men egin baitio PPko gobernuak: kendu egin du Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaia. «Arazo asko eragin zituen. Guk ematen dugu gure eskoletan, bestela ezin eta. Orain aldatzen badute, eta polemikak saihestu... Dena dela, curriculuma zein den jakin nahi dugu», azaldu du Iraizozek. Nafarroan normal eman dute eskola hori? «Lortu zen gaitegia ematea eskola bakoitzaren ikuspegitik, eta ez da arazorik izan. Adibidez, erlijioso batek ematen badu eskola hori, heziketa katolikoaren ikuspegitik ematen ditu eskolak. Era askotara eman daiteke eskola, gai batzuk edo besteak nabarmenduz».
Homosexualitatea, berdintasuna, familia... Horrelako gaiak lantzen ditu ikasgaiak, besteak beste. «Garrantzitsua da ikasgaia. Esaten dugu ikasle kritikoak behar ditugula, eta gai garrantzitsuak eskolatik kanpo utziko dituzte orain», dio Imazek. Ordea, gai horiei ezin zaie bizkarra eman, Herrikoa elkarteko buruaren hitzetan: «Gai horiek hor daude, eta balio batzuk eman beharra dago».
Espainiako Konstituzioaren balioak goratzeko ikasgai bat jarriko du PPk haren ordez: Heziketa Zibiko eta Konstituzionala. PPren asmoekin ezkor da Igeregi: «Konstituzionala aipatzean gogora datorkit Espiritu Nazionala Sustatzeko ikasgaia». Nabarmendu du orain ere ikasten dela Espainiako erakundeak eta legeak zein diren. Buenok dio «doktrinamendu politikoa» nahi duela PPk.
Familiari eta homosexualitateari buruz arituko dira ikasgai berrian? Wert: «Konstituzioa azaltzean aipa daitezke, betiere ikuspegi pluralista eta errespetuzko batetik, ez doktrinamenduz». Alvarezek galdera: «Ezer bada doktrinazkoa eta zalapartatsua eskolan, Erlijio ikasgaia da hori. Kenduko ote du hori ere gobernuak?».
Hezkuntza. Espainiako Gobernuaren erreformak
Elitista eta espainiarra
Hezkuntzako eragileek ondoeza azaldu dute ministroaren asmoak direla eta; Espainiako eskuinaren alde egitea leporatu diote WertiIkasleen berdintasuna arriskuan ikusi dute, eta «kontrolatzeko nahia» PPko gobernuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu