Hilaren 8ko data daraman ohar baten bidez zabaldu du Bilboko emakume talde batek Zazpikaleetan egindako ekintza. Abortu legearen aurkako protesta egin dute, eta Elizak sistema politikoan duen eragina salatu nahi izan dute: "Moral kristauak, bere familiaren kontzeptuaren bidez, batzuk inkubadora bihurtu nahi gaitu, eta beste batzuoi, berriz, amatasuna galarazten digu".
Elizak emakumeari aitortzen dion rola eta emakumeak tratatzeko modua ere salatu nahi izan dituzte ekintza horren bidez: "Zer behar dugun eta zer nahi dugun guk geuk baino hobeto ei daki. Hori dela eta, umetzat hartzen gaituzten paternalismo kondeszendienteaz tratatzen gaitu. Posizio sumiso horretara ohitzen ez garenak zorotzat eta sorgintzat jotzen gaitu, eta Inkisizioaren txakurrak gainera botatzen dizkigute, oraingoan, kriminalizazio penalaren formapean".