Iruñeko Artzapezpikutzak oraindik bere gain hartu ez dituen ondasunak beren izenean jartzeko deia egin die udalei Pascual Larunbe Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataformako kideak. Lizarrako Auzitegiak Garisoaingo baselizaren jabea herria bera dela erabaki izana «positiboa» izan dela esan du. «Herriarenak direnez, artzapezpikutzak ezingo ditu hartu», azaldu du Larunbek, eta aurreratu du artzapezpikutzaren eta herrien arteko epai gehiago izango direla.
«Garisoain txikiak artzapezpikutza handiari irabazi dio gerra, eta egin eta zaindu duten baseliza herriarena dela esan du epaileak», azaldu du Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataformako kideak, eta gaineratu du ondasun «higigarriak eta higiezinak» herriarenak direla. Hortaz, «orain arte» Elizak bere izenean jarri ez dituen ondasunak udalek beren gain hartzeko deia egin du.
Isabel Izaunki plataformako abokatuak azaldu duenez, Garisoaingo baselizaren jabegoaren auzia «irabazi» dute Elizak jo zuelako auzitara. «Salaketa jartzen duenak frogak aurkeztu behar ditu; kasu honetan, Elizak. Artzapezpikutzak ez zuen dokumenturik aurkeztu, ez zituelako, eta, horregatik, epaileak esan zuen baseliza herriarena dela. Herriak egin eta zaindu zutela erakutsi zutelako». Horregatik, herriko ondasunak udalerriaren izenean jarri ondoren, artzapezpikutzak bere izenean jartzeko zailtasunak izango lituzke, Izaunkik esan duenaren arabera.
«Artzapezpikutza da Nafarroako etxe agentziarik handiena; bere gain 1.087 ondasun ditu. Ez bakarrik erlijiorako erabiltzen direnak, baizik eta hilerriak, zelaiak eta frontoiak ere». Hala ere, artzapezpikutzak erregistroan erroldatu gabe dituen ondasunak badaudela esan du Pascual Larunbek. «Historikoki herriarenak izan dira, herritarrek egin zituzten, eta herriarenak izan behar dute». Ondare horiek udalaren izenean jartzeko deia egin du.
Jada artzapezpikutzaren izenean dauden ondasunak berreskuratzea, berriz, oso zaila dela azaldu du Isabel Izaunki abokatuak. «Salaketa jartzen duenak aurkeztu behar ditu frogak, eta batzuetan ondasun baten dokumentuak aurkitzea oso zaila da». Hortaz, ondasunak herriaren izenean jartzeko nahia egin du Izaunkik. «Artzapezpikutzak auzitara jotzen badu, frogak aurkeztu beharko ditu. Eta frogak kasu askotan ez dira existitzen».
Artzapezpikutzak ondasun horiek saldu nahi dituela azaldu du Larunbek. «Bere izenean daudenez, saldu egin nahi ditu. Badakite legeria alda daitekeela eta herriak berea lortzen badu ezer gabe geldituko direla. Horregatik, ondasun horiek saldu nahi dituzte». Saldutako lurrak herriarenak direnez, herriari itzuli dakizkiokeela gaineratu du Larunbek.
Elizaren aurka
Garisoaingo herriaren aurkako epaiketa ez da Nafarroako Ondasunaren Defentsaren Plataformak aztertu duen bakarra. Duela lau urte Arangurengo herriak Elizaren aurkako salaketa jarri zuen. Larunbek azaldu duenez, 1951ko dokumentuetan apaiz etxea herriarena zela aipatzen zen. Baina 1998an artzapezpikutzak bere izenean jarri zuen eraikina. Arangureneko herriak salaketa jarri zuen, eta «epaiketaren zain» daudela adierazi du. Beste herri batek, halaber, salaketa jarriko duela aurreratu dute plataformako kideek.
Nafarroako Ondasunaren Defentsarako Plataformak boluntarioek osatzen dutenez, udalen laguntza ekonomikoa eskatu dute «elkarteak egiten dituen ekimenak aurrera egiten jarraitu ahal izateko». Zenbait herrik dagoeneko laguntza hori eman diela azaldu Pascual Larunbek. «Guztion ardura da gure ondarea berreskuratzea».
Eliza, ermita eta antzekoak beren izenean jartzeko deia egin diete udalei
Garisoaingo ermitaren epaia ardatz hartuta egin die deia Ondasunaren Defentsarako Plataformak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu