Elizari ondareaz jabetzen uzten dion legea aldatzeko prest azaldu da PSOE

Hipoteken legea moldatzea proposatuko du Alvaro Cuesta diputatuak, Elizaren «pribilegioa» eragozteko

Herritarren ondarea itzul dezala eskatu zioten Iruñeko artzapezpikutzari Gabonetan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Legea aldatzeko eta, modu horretan, Eliza katolikoari bereak ez diren ondasunak eskuratzen ez uzteko Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak eginiko proposamena alderdi politikoei eta Espainiako Gobernuari helarazteko prest azaldu da Alvaro Cuesta Espainiako Kongresuko Justizia Batzordeko burua (PSOE). Plataformako kideek bilera egin zuten, atzo, Cuestarekin, eta legea aldatzeko prozedura abiatzeko eskatu zioten. «Ez da diru kontu bat, baizik eta legezkotasun gai hutsa», adierazi zuen Angel Rodriguez plataformako kideak, eta gaineratu zuen legearen erreformarekin eskuratze gehiago galarazteaz gain orain arte egindako erregistratze batzuk inpugnatzeko aukera ere irekiko zaiela.

Plataformaren datuen arabera, 1998. urtetik hona, Elizak erregistratu gabeko 1.087 ondasun jarri ditu bere izenean Nafarroako 117 udalerritan; horietako batzuk erlijio guneak, baina beste batzuk ez: etxeak, parkeak, pilotalekuak, elkarteek erabilitako eraikinak... Isabel Urzainki plataformako kideak gogorarazi zuen ondasun horietako asko herritarrek erabili izan dituztela beti: «Kasu askotan, bizilagunak konturatu dira ezin dituztela urteetan herriaren zerbitzurako erabili dituzten eraikinak erabili, zer eta Elizak bere izenean jarri dituelako».

Estatuak adinako boterea

Cuesta «larrituta» azaldu zen Nafarroan gertatutakoarekin, eta gaia parlamentuko alderdiei eta Espainiako Gobernuari helarazteko konpromisoa hartu zuen. Nolanahi ere, esan zuen legealdia amaitu aurretik lege berri bat egiteko denborarik ez dagoela eta Elizaren praktika amaitzeko aukera bat 2012. urteko aurrekontuen legea erreformatzea izango litzatekeela. Hipoteken legea aldatzea, hain zuzen. Izan ere, arautegi horrek erregistratu gabeko ondasunak eskuratzeko ahalmena ematen dio Elizari; estatuak, diputazioek, udaleketa zuzenbide publikoko erakundeek baino ez duten boterea, alegia.Horri dagokionez, Justizia Batzordeko presidentearen iritziz, Elizari estatuari eta udalei adinako boterea ematen dion arautegiak Konstituzioaren 16. artikuluarekin egingo luke talka, erlijio askatasuna bermatzen duen puntuarekin, hain zuzen ere. «Arauak herritarrekiko eta administrazio publikoekiko pribilegioa ematen dio Elizari, eta disfuntzio hori zuzendu beharko litzateke».

Cuesta arazoari irtenbide bat emateko prest azaldu zen, eta gogorarazi zuen Elizari ondasunak eskuratzeko ahalmena ematen dion araua 1998. urtean onartu zuela Espainiako Gobernuak, Jose Maria Aznar zenean presidente.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.