Aroztegia "kolpetik aberasteko proiektu bat" dela esan zuen Baztango alkate ohi Garbiñe Elizegik, eta hitz horiengatik epaitzen ari dira. Hirigintza proiektu bat kritikatzeagatik epailearen aurrean deklaratu behar izatea onargaitza dela berretsi du alkate ohiak: "Adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat da, azpijoko hutsa, gu isilarazteko".
09:15ean sartu da Elizegi Nafarroako Auzitegira. Aurretik, Baztango hainbat bizilagunek elkarretaratzea egin dute, "Jazarpen judizialik ez. Aroztegia gelditu!" lelopean. "Baztango herritarren eta haien interesen alde eginiko deklarazioengatik epaituko naute", esan du alkate ohiak, auzitegiko atarian.
Elizegik gaineratu duenez, Palacio de Aroztegia SL enpresak Baztango zortzi bizilagunen kontrako salaketa jarri du. "Nire kontrako hirugarren salaketa da hau, eta horrek agerian uzten du auzia pertsonalizatu nahi dutela". Hala ere, baztandarren nahiz lekaroztarren nahia "oso argi" dagoela azpimarratu du Elizegik. "UPN, PSN, PP eta Geroa Bai libre dira kapitalaren interesen esanetara jartzeko, baina gu ere libre gara herritarren eskubideak defenditzeko".