Iraganaren interpretazio kritiko batetik abiatu beharra dago biktima guztien erreparazioa lortzeko, Foro Sozial iraunkorraren ustez. Interpretazio kritiko hori alderdiek ez ezik gizarte zibilak ere egin behar luke, gainera, "ekidistantziarik eta anbiguotasunik gabe".
Urtebete darama lanean Foro Sozial iraunkorrak, eta denbora horretan ikusi dute sektore batzuk "tematuta" daudela berriz ez errepikatzeko bermeekin elkarbizitza eraikitzea galarazteko. Gatazkaren beraren izaera ukatzen duten sektoreak dira horiek, Fernando Armendariz eta Expe Iriarte bozeramaileek gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan esan dutenez. Gatazka dagoela ukatzen dutenez, hura konpontzeko "zubiak eraiki" beharrik ere ez dute ikusten sektore horiek: "ETAren indarkeriaren amaiera garaile eta garaituen logikaz bizi dute".
Baina berradiskidetze prozesu bat beharrezkoa dela uste du Foro Sozialak, eta horixe bultzatzen saiatuko direla iragarri dute. Gizarte zibilean egin beharreko prozesua dela uste dute, eta gizarte zibilak berak izan behar duela hura lideratzeko ardura. Presoek ere hartu behar dute parte prozesu horretan, indarkeriaren erabilerari uko egitean sakontzeko.
Era berean, Nafarroako Gobernuak gai honetan egin dituen urratsak txalotu ditu Foro Sozialak, eta jakinarazi du urriaren 28an alkateen konferentzia bat egingo dutela.