konponbideari begira

"Elkarbizitzarako" foro ireki bat sortzea proposatu du Patxi Lopezek

Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, gune horretan ez lukete parte hartuko Eusko Legebiltzarreko taldeek soilik. "ETA garaituta" dagoela "oinarri etiko eta demokratikoak" jarri behar direla dio. Baztertu egin du ezker abertzaleak proposatutako Egiaren Batzordea, eta uztailerako Memoriaren eta Elkarbizitzaren Institutua eratuko dutela iragarri du. Ezker abertzalea legeztatzeko eta "espetxe politika desberdina" ezartzeko eskatu du.

2012ko martxoaren 8a
19:40
Entzun

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, "politika zehatzek ETA garaitu" egin dute, Justiziaren, Poliziaren eta gizartearen lanari esker, eta, orain, "demokraziak irabazi duenean, garai berri honetan elkarbizitza irabazi behar da". Hala, "oinarri etiko eta demokratikoak" jarri behar direla uste du, eta horiek sustatzeko "elkarbizitzarako foro bat" sortzea proposatu du gaur, Eusko Legebiltzarrean.

Denbora aldetik mugatuta dago, EAEko legealdiak gehienez urtebeteko iraupena duelako —2009ko martxoaren 1ean egin zituzten hauteskundeak—.

"Terrorismoaren behin betiko amaiera eta guztiontzako askatasun osoa bizkortzeko ekimen politikoak adosteko eta gauzatzeko" eratu nahi du bilgunea eta, Eusko Legebiltzarreko taldeek ez ezik, "beste erakundeetako ordezkariek eta elkarte eta pertsona interesgarriek" ere hartuko lukete parte, haren arabera. 

Egiaren Batzorderik ez

Baztertu egin du ezker abertzaleak duela bi aste proposatutako Egiaren Batzordea sortzea. "Ez da beharrezkoa. Egia zer den garbi dago", esan du Lopezek, ETAren hilketak aipatuta; egia ETAren biktimen testigantzekin lotu du. ”Batetik, hiltzaileak zeuden eta, bestetik, hildakoak eta erresistentzia egin dutenak”. Hala ere, ”Euskadi berria eraikitzeko" hiru zutabeen artean "egia" aipatu du —besteak: "demokrazia eta justizia—”.

Ezker abertzalearen legeztatzea

Ezker abertzaleari ETAri desegiteko eskatzeko galdegin dio, "bestela, iraganari lotuta egongo da". Dena dela, "[ETAren] indarkeria babestu" izan dutenak gaur egun erakundeetan hartzeko borondatea izan behar dela esan du, "jarduera terroristarik ez delako gehiago izango, datuen arabera", eta ezker abertzalearen legeztatzea eskatu du.

"Espetxe politika desberdina eta berria"

Halaber, "espetxe politika desberdina eta berria" aldarrikatu du, "betiere legearen barruan presoak bergizartzeratzeko". "Batasunaren munduak bergizartzeratze hori defenditu behar du". Lehendakariak ez du euskal presoekiko erabaki kolektiborik nahi, banakakoak baizik, eta eskakizun batzuk egin ditu: presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzeko edota gaixo daudenak askatzeko. Argitu nahi izan du "ETAko presoak" ez direla "preso politikoak, zigortutakoak baizik", eta haiei "iraganarekin hausteko" exijitu die, "damua agertuta".

Memoriaren eta Elkarbizitzaren Institutua aurki

"Memoria" izatea proposatu du Lopezek, eta Memoriaren eta Elkarbizitzaren Institutua eratzeko lanetan ari direla jakinarazi du —uztailerako nahi dute—. Ezker abertzalea gogoan zuela, aipatu du "konbentzituta" dagoela EAEko parlamentuan ez dela gehiago izango indarkeria "justifikatuko" duen inor. Aitortu ditu "Batasunak azken urteotan egindako urratsak".

Arduradun bat izendatuko du

Hori guztia kudeatzeko eta gauzatzeko, lehendakariak iragarri du arduradun bat izendatuko duela.

Akordioetarako oinarriak

Lopez 09:30etik aurrera ordubetez mintzatu da Eusko Legebiltzarrean,"bakerako proposamen irekiak" egiteko. Otsail amaieran iragarri zuen ETAk jarduera armatua bukatu osteko egoera berrian "Euskadin bakea eta bizikidetza egonkortzeko proposamen irekiak" egingo zituela.

Esana du bi oinarri izango dituela akordioetara heltzeko: iazko irailean aurkeztu zuen dekalogoa eta lehengo otsailean Espainiako Kongresuko hainbat taldek erdietsitako hitzarmena. "Formula eta foro berriak" sortu nahi ditu. Joan den urtarrilean Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuari euskal presoak gerturatzeko eta Sortu legeztatzeko eskatu zion.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.