Asko aldatu dira gauzak Arrasaten. Espainiako Gorteetarako azken hauteskunde kanpaina gogorra izan zen han. Isaias Carrasco PSEko kidea hil zuen ETAk, eta geroago, atentatua gaitzetsi ez zuelako Ino Galparsoro alkatea espetxeratu egin zuen Baltasar Garzon epaileak. Atzo, hogei metroren barruan egin zuten kanpaina Amaiurrek eta PSEk. Giro ona izan zuten elkarrekin, tentsio eta liskarrik gabe. «Elkarbizitzaren kanpaina da», esan zuen Odon Elorza PSEren Gipuzkoako hautagaiak.
Azoka egunak gustuko dituzte politikariek. Herritarrekiko gertutasuna erakutsi nahi izaten dute. Eskuorria batek, arrosa besteak. «Ondo al gara?». Herritarrei zuzenean egiten dizkiete galderak hautagaiek, kanpainan bederen. Azoka eguna zen atzo Arrasaten. 11:15erako egin zuen deialdia Amaiurrek, eta 11:30erako PSEk. Bi azokatan ziren deialdiak hasieran, baina biek toki berean egin zuten ekitaldia, elkarren atzetik.
PSEk zuen berez arropen azokan ekitaldia egiteko baimena, baina, beraien agertokia prestatzen hasi aurretik Amaiurrekoek karpa txiki bat muntatuta zeukaten bertan, musika eta guzti, eskuorriak banatzeko. Ez tentsioa eta ez ezer, prentsakoek elkarrekin hitz egin zuten, PSEkoek esan zieten arraroa zela hauteskunde batzordeak bi alderdiri toki eta ordu berean ekitaldia egiteko baimena ematea. Arazorik gabe konpondu ziren, lau lagunen artean karpatxoa aireratu eta beste toki batera eraman zuten; «Hau duk zalaparta!» esanez, irribarretsu. Hauteskunde ekitaldia, berriz, metro batzuk urrundu eta bertan egin zuen Amaiurrek.
Karpa mugimenduan zela iritsi zen Odon Elorza, hain justu, karpa eramaten ari ziren aldetik. Bidean topatu zituen Amaiurreko guztiak, hantxe baitzeuden ekitaldia egiteko kartela-eta txukun-txukun ipintzen. Maite Aristegi Gipuzkoako hautagaiari bostekoa eman zion Elorzak, eta solasalditxoa izan zuten. Taldekoengana iritsi zenean, hango joan-etorria ikusita, umoretsu esan zion prentsako arduradunak hautagaiari: «Kalea irabazi dugu!».
Ez zen, ordea, kalea inorena izan, guztiena baizik. Bizkartzain ugari zebilen inguruan, baina tentsio handirik gabe mugitzen ziren bai Amaiurrekoak, bai PSEkoak, elkarrengana hurbilduz eta urrunduz. Natural.
Kanpaina bakean
Aristegik eta Elorzak, biek aldarrikatu zuten kanpaina bakean egiteko nahia eta beharra.
Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kide espetxeratuaren preso zenbakia paparrean zuela hitz egin zuen Aristegik. «Bake eta errespetu giroa» behar dela nabarmendu zuen, eta indarkeriak desagertu egin behar duela gaineratu. Hala, gogor salatu zuen Amaiurren Nafarroako hautagai Joseba Compainsek herenegun gauean kartelak jartzen ari zela jasandako erasoa. Kaleko jantzitako poliziei egotzi zien erasoa Aristegik, eta gaur egun «Estatuaren indarkeria» besterik ez dagoela ohartarazi ostean, hura desagertzearen beharra azpimarratu zuen. Bake giroan bakoitzak bere proiektua defendatu ahal izateko baldintzak eskatu zituen .
Elorzak ere antzeko mezua eman zuen. Hasieran gaiari buruz ezer esan ez bazuen ere, kazetarien galderei erantzunez argi esan zuen erasoa salatu egiten duela. Berriz halakorik ez duela gertatu behar nabarmendu zuen, «bakean egin behar dugu kanpaina». Horregatik, «animoak lasaitzera» dei egin zuen. ETAk armak uztea erabaki ostean, aurtengoa kanpaina «historikoa» dela nabarmendu zuen Elorzak, «1975etik askatasunean egiten den aurreneko kanpaina da».
Isaias Carrascoren eta «biktima guztien» oroimenez, elkarbizitza eraikitzera bidean lan egiteko konpromisoa hartu zuen Elorzak. «Aniztasunetik» eraiki behar da elkarbizitza hori, PSEko hautagaiaren irudiko. «Euskaldun sentitzeko modu desberdinak errespetatu behar dira». Hain justu horixe da «kultura demokratikoa», Elorzaren irudiko.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
Elkarbizitzaren kanpaina
Amaiurrek eta PSEk toki berean egin dute hauteskunde kanpainako ekitaldia, eta giro onean aritu dira elkarrekin harremanetanCompainsen erasoa salatu, eta kanpaina bakean egiteko eskubidea aldarrikatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu