Foru eta udal administrazioen Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeak (BGAE), Elkarkidetzak, dagoeneko 3.115 pentsiodunei ordainsari osagarria ordaintzen die. Batez beste, erretiratu bakoitzak gizarte segurantzaren bidez hilero jasotzen duen diruari beste 380 eta 400 euro bitartean gehitu zizkion Elkarkidetzak 2006an. Orotara, era guztietako pentsioak kontuan hartuta, 15 milioi euro banatu zituen kotizatzeari utzi dioten bazkideen artean.
Datuak neurriz hartu behar direla uste du Jon Zabalia BGAEko lehendakariak, dena den. «Aspalditik gurekin dauden bazkide batzuen pentsioak lanean zeudenean zeukaten soldata gainditzen dute, ordainari esker», zehaztu du. Horrez gain, bazen aurreztutako diruaren parte bat dena batera berreskuratzeko aukera, eta erretiratu gehienek baliatu zutenez, hileroko ordaina txikitu zaie. Elkarkidetzaren helburu orokorra aurrez langileak zuen soldataren %20 inguru estaltzea da.
Zabaliak joan den urteko emaitzen berri eman zuen atzo, Gasteizen egindako prentsaurrean. Aurreko egunean, Bilbon, batzar orokorraren gehiengo zabal batek, %88k, 2006ko kontuei babesa adierazi zien. Elkarkidetzak gaur egun 442 erakunderen aurreikuspen planak biltzen ditu bere baitan, eta 24.500 bazkide ditu. Foru eta udal langileen %85ek dagoeneko Elkarkidetzan kotizatzen du. Bazkide guztietatik %13k dagoeneko pentsio osagarriak kobratzen dituzte erakundetik.
ONDAREA GORA. Elkarkidetzaren ondarea dagoeneko 587 milioi eurokoa da, eta hazkundea, 2005ekin alderatuz, %10ekoa izan zen. Kuotaren ekarpenetatik 18 milioi euro eskuratu zituen BGAEak, eta beste 38 milioi kudeaketaren bidez lortutako etekinak dira. Estaldura tasa, horrenbestez, %132koa da. «Geure kaudimena legeak agintzen duen gutxieneko kopurua baino 30 milioi handiagoa da», Zabaliak zehaztu zuenez. Inbertsio politikari dagokionez, erdia aktibo finkoetara bideratzen du entitateak, eta beste %30 burtsan jarrita du.
Halaber, kudeaketa gastu «apalak» azpimarratu zituen Elkarkidetzako buruak. Erakundearen helburua sarreren %0,5a ez gainditzea da, eta iaz %0,42 izan zen. «Errentagarritasun garbia, gastu horiek kenduta, %7,29koa izan zen, ona luzera begirako aurrezkiak esku artean dituen erakunde batentzat», azaldu zuen Zabaliak.
Aurtengo helburuen artean, inbertsio praktikei eusteko borondatea du Elkarkidetzak. «Zuhurtzia eta errentagarritasuna bateratzen dituen politikarekin jarraitu nahi dugu, azken finean helburua 15, 20 edo 30 urte barru orain dirua jartzen ari diren pertsonei pentsioak ziurtatzea delako».
DEKRETUAREN ESPEROAN. Aurki borondatezko aurreikuspena kudeatzen duten erakundeen jarduera arautzeko dekretua argitaratzeko asmoa du Eusko Jaurlaritzak. Zabaliak, dena den, ez duela sisteman aldaketa sakonik espero aurreratu zuen. «Atalen batean zer edo zer egokitu behar bada egingo dugu, baina ez dut uste eragin erabakigarria izango duenik inbertsio politiketan». Jaurlaritzak, erakunde horien gardentasuna argudiatuta, inbertsio horiei baldintza batzuk ezarri nahi dizkie.
Gaia, edonola ere, ez dago oraindik itxita, eta hemendik gutxira EAEko BGAEn Federazioak bere jarrera azaltzeko asmoa duela jakinarazi zuen Elkarkidetzako presidenteak.
«Aspalditik gurekin dauden bazkide batzuen pentsioek lanean zuten soldata gainditzen dute»
«Ez dugu uste Jaurlaritza jarduerari buruz prestatzen ari den dekretuak eraginik izango duenik inbertsioetan»
jon zabalia
elkarkidetzako presidentea
Elkarkidetzako pentsiodunek iaz batez beste 380 euroko ordaina jaso zuten hilean
Foru eta udal langileen gizarte aurreikuspeneko erakundeak 15 milioi euro banatu zituen 2006an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu