Elkarlan instituzionala eskaini dio Arabako Foru Aldundiak Bilduri

Akordioak «oso zail» ikusten baditu ere, Javier de Andresek adierazi du koalizioaren ordezkariekin «kolaboratuko» duelaJokaleku politiko berrian «abil jokatu» behar dela diote EAEko PPren buruzagiek

jokin sagarzazu
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Bere diskurtsoa jokaleku politiko berrira egokitzeko urratsak egiten ari da EAEko PP. Espainian, Bilduren legez kanporatzea eskatzen duten ahotsak entzuten diren bitartean, Javier de Andres Arabako diputatu nagusiak adierazi du Bilduko ordezkariek Arabako Foru Aldundiaren ateak zabalik izango dituztela. Gaur-gaurkoz koalizioarekin akordioak egitea «oso zaila edo ezinezkoa» dela uste du, baina bi indar politikoen arteko elkarlana «beharrezkoa» dela nabarmendu du. «Instituzioen arteko kolaborazioa alderdi politikoen artean egon daitezkeen gorabehera eta eztabaiden gainetik dago», adierazi du De Andresek. «Gauza bat da alderdien jarrera politikoa eta beste bat instituzionala», gaineratu du.

Elkarlana Arabako udalekin ez ezik, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioetara zabaldu nahi du De Andresek, «akordio politikoak» lortzeko helburuarekin. Onartu egin du, baina, ez duela lan erraza izango. «Oztopoak dauden arren, elkarlan instituzionala ezartzen saiatuko gara, esparru politikoan akordio politikoak lortzeko».

Atzo eginiko Diputatu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan egin zituen adierazpenok Arabako diputatu nagusiak. Uztailaren 6an, kargua hartu zuenean, De Andresek Biltzar Nagusietan ordezkaritza duten indar politiko guztiei eskua luzatu zien akordioak lortzeko, Bilduri izan ezik, koalizioak «ETArekin behingoz apurtu arte» aldeari eutsi behar dela iritzita. Baldintza hori indarrean jarraitzen duela argitu du De Andresek. «Akordioak lortzea oso zaila edo ezinezkoa iruditzen zait, [Bilduk] ez baitu oinarrizko eskubideak errespetatuko dituela erakusten duen keinu zintzorik egin».

Diskurtso bikoitza

EAEko eta Espainiako PPk gaur egun egiten ari diren diskurtso bikoitzaren erakusle dira De Andresek atzo eginiko adierazpenak. Jokaleku politiko berrira egokitzeko keinuak egin ditu EAEko PPk, baina Madrildik zehaztutako ibilbide orritik gehiegi urrundu gabe. Azaroaren 20an Espainiako Gorteetarako hauteskundeak izango direla jakitun, mezua egokitzen ari da PP, eta EAEko buruzagiak ari dira bide hori egiten.

Herenegun, Gipuzkoako PPko presidente Borja Semperrek adierazi zuenez, PPk «abil jokatu» behar du «ETAren amaiera PPren gobernu batean gerta dadin». Abileziari «eraginkortasuna» gaineratu zion, eta horrekin lotuta orain arte egindako bideari eutsi beharra.

Hala, ETAk historian zehar egin dituen atentatu guztiak gaitzesteko eskatuz udaletan aurkeztu dituzten mozioekin aurrera jarraituko dutela adierazi zuen De Andresek atzo, nahiz eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak ezbaian jarri mozio horien «eraginkortasuna». «Gai honetan beti jarri gara ados, eta emaitza onak lortu ditugu», adierazi zuen, hala ere, De Andresek.

Diputatu nagusiarekin hitz horiek bat datoz atzo PPko beste buruzagi batzuek eginiko adierazpenekin, eta Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako galdera sortarekin. Herenegun Azpeitian euskal presoen senideei Martin GaritanoGipuzkoako diputatu nagusiak eginiko harrera salatu zuen Semperrek atzo. «Ekintza eta adierazpen horiekin Martin Garitanok agerian uzten du ETArekiko duen jarrera lotsagabea».

Esteban Gonzalez Pons PPko komunikazio idazkariak, halaber, adierazi zuen Azpeitiko ekitaldian Bilduk «bere benetako aurpegia» erakutsi zuela. «Bildu ETA da, eta denborak aurrera egin ahala are argiago ikusten ari gara hala dela. Orain konturatuko dira Auzitegi Konstituzionaleko magistratuak egindako oker politiko eta judizialaz».

Eusko Legebiltzarrean, berriz presoen senideen elkarretaratzearen berri ote zuen eta horrela izan bazen zergatik ez zuten debekatu galdetu dio PPk Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari. Era berean, Ertzaintzak argiketa egin duen jakin nahi du, eta egin badu Espainiako Auzitegi Nazionalera bidali ote duten galdetu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.